“Jauzi hirukoitzean nire markarik onena egin dut, baina badakit hobeto egin dezakedana”

Joseba Derteano 2019ko mar. 15a, 18:00
Sonia Oceja erdian

Sonia Oceja ez da atleta konformaerraza. Ourensen hiru domina irabazita oso pozik dago, baina proba batzuetan bererik eman ez izanaren penatxoa ere badu. Beharbada izaera exigente hori da, urtea joan eta urtea etorri, dominak pilatzera eraman duena.

Jauzi hirukoitzean urrea irabazi duzu. Espero zenuen?
Domina bat espero nuen, baina ez urrezkoa. Orain arteko nire markarik onena egin nuen. 8,45 metroko saltoa eginda joan nintzen eta 8,86 metrokoa egin nuen txapelketan. Egia esanda, bederatzi metrora heltzea espero nuen. Ea hurrengo batean lortzen dudan!

Pentatloian brontzea irabazi duzu.
Bost orduan bost proba egin behar dira: 60 metroko hesidun proba, altuera-jauzia, pisu jaurtiketa, luzera-jauzia eta 800 metroko proba. Nire ibilbideko lehenengo pentatloia izan zen. Orain arte, lasterketak eta luzera-jauzia egin izan ditut, batez ere. Iaz hasi nintzen pentatloian pentsatzen. Altuera-jauzia eta hesidun proba urte askoan egin barik nengoen. Euskadiko Txapelketan pentatloiko proba batzuk lehiatu nituen. Neure burua ondo ikusi eta Espainiakoan parte hartzera animatu nintzen.

Estreinaldian domina irabazi duzu. Ezin daiteke gehiago eskatu!
Oso pozik nago, baina badakit hobeto egin dezakedana. Luzera-jauzian eta hesien proban ez nuen neurerik eman. Pisu jaurtiketan 10 metrora heldu naiteke eta ez nintzen heldu. Altuera-jauzian, ostera, ondo ibili nintzen.

Hirugarren domina pisu jaurtiketan heldu zen. Pozik egindako lanagaz?
9,86 metrotara bota nuen pisua. Pozik nago, baina, esandako moduan, hamar metrora heldu guradut. Entrenamenduetan heltzen naiz, baina txapelketetan, nerbioak direla-eta, kosta egiten da.

Durango Kirol Taldeko beste kirolari batzuk ere nabarmendu ziren.
Bai. Bilbon bizi den Marian Caton-ek urrezko domina irabazi zuen bere mailako pentatloian, eta Africa Rodriguez mungiarrak beste hainbeste egin zuen 3.000 metroko martxa-proban.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!