“Gauzez barre egin behar da; umoreak amildegira jaustetik libratzen gaitu”

Karolina Suarez 2019ko mar. 15a, 13:00

Eugenia Manzanera (Salamanca, 1970) ipuin kontalariak De amor y de muerte helduentzako narrazio saioa egingo du Durangoko Bizenta Mogel bibliotekan, martxoaren 15ean, 19:00etan. Maitasunaren eta heriotzaren inguruko istorioak kontatuko ditu. Hurrengo egunean, 12:00etan, haurrentzako ipuin kontaketa saioa eskainiko du: No me comas… y punto.

Zer kontatzen du ‘De amor y de muerte’ ahozko narrazioak?
Saioaren hasieran esaten dudan moduan, narrazioaren amaieran hil egiten da mundu guztia. Zenbait istorio kontatzen ditut eta guztiak maitasunaren ingurukoak dira. Guztiak dauka hasiera eta amaiera bat, baita maitasun guztiek ere, baina horrek ez du esan gura mundua amaitu egiten denik.

Zer da egingo duzuna?
Ahozko narrazioa egingo dut. Antzerkiaren mundutik natorrenez, nire kontakizunak teatralak izaten dira. Ipuin batean maskara bat erabiltzen dut eta XV. mendeko komikoen moduan kontatzen dut istorioa. Denetarik dago saioan.

Umoretik abiatutako kontakizuna izango da.
Gauzez barre egin behar da; umoreak amildegira jaustetik libratzen gaitu. Umoreagaz, min egiten diguten egoerak ere gainditu ditzakegu, desamodioa eta heriotza, esate baterako.

Maitasuna eta heriotza.
Bizitza dira. Zer da bizitza? Maitasuna eta heriotza. Jaio egiten gara, maitatu egiten gaituzte, maite dugu eta hil egiten gara. Orduan, De amor y de muerte bizitzaz berba egitea da. Bizitzaz umoretik berba egin ahal bada, askoz ere hobeto.

Nola sortu zenuen obra hau?
Ipuinak sortzen joan naiz eta ipuinen arteko loturak egiten. Kontzeptu batzuk beste batzuekin ehundu eta askok maitasunaz eta heriotzaz berba egiten zutela konturatu nintzen. Horra hor narrazio saioa. Frantsesek orgasmoari le petite mort esaten diote, eta horrela amaitzen dut, bakoitza bere klimaxera heldu dadin.

Ipuin kontalaria ala antzezlea zara?
Orain dela gutxi, antzezle narratibo moduan definitu ninduten. Antzerkigintzan hasi eta urte bira, ipuin kontalari lanetan nenbilen. Kontatzea oso pertsonala da, bakoitzak sentitzen duenaren arabera kontatzen eta entzuten du. Espazioaz eta tempoaz daukadan ikuskeragatik, egiten ditudan narrazioetan antzerkia dago, eta alderantziz ere bai.


Ze publiko motagaz sentitzen zara erosoen?
Lan on bat egiteko, publikoa zure alde eduki behar duzu, eta ganorazko espazio bat. Berdin dit hartzailea heldua edo umea den. Kontua berdinen arteko harreman ona sortzea da. Laugarren horma ez da inoiz nire paretarik gogokoena izan, eta ez dut erabiltzen. Hartzailea edozein dela ere, gustura sentitzen naiz.


‘No me comas… y punto’ ere familia osoarentzat egingo duzu.
Ipuinetan asko jaten da: otsoak hiru txerriak jaten ditu, Hanselek eta Gretelek txokolatezko etxe bat jan gura dute eta, aldi berean, sorginak eurak jan gura ditu… Jatea da dena,  ze, osterantzean, hil egiten gara. Beste saioan guztiak hiltzen badira ere, honetan bada beste norbait jan gura duen bat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!