“Talde baten barruan hari mehe batek banatzen ditu sarritan konfiantza eta mesfidantza”

Joseba Derteano 2019ko mar. 17a, 10:00

Iñaki Alonsok Alaves B taldearen ardura hartu berri du eta Bigarren B Mailara igotzen saiatuko da. Ez litzateke lehenengo aldia izango. Orain 13 urte, Durangoko Kulturalagaz Hirugarren Mailatik igotzea lortu zuen.

Joan zen asteburuan, ez zenuen amestutako estreinaldia izan Alaves Bren aulkian: 2-0 galdu zenuten sailkapeneko behealdean dabilen Deustoren kontra.
Filialei kostatu egiten zaie horrelako taldeen kontra jokatzea: zelai txikia, joko zuzena… Lehen zati ona jokatu genuen, baina bigarren gola jasotzean, filial bati ikusi ohi zaizkion gabeziak azaleratu ziren: presa, joko indibiduala…

Portugalete eta Sestao, sailkapeneko lehenengo biak, beste liga batean dabiltza, baina seiko taldetxo bat dago puntu biren barruan, Alaves B barne. Hori da zuen borroka?
Igoera faserako, postu bi daude sei talde horien artean. Bai, horixe da gure borroka, eta hurrengo hiru partiduak ez dira nolanahikoak; taldetxo horretan dagoen Somorrostro, Sestao eta Portugalete. Partidu exigenteak izango dira guretzat, baina ilusioz aurre egingo diegu.

Arrakasta izan duzu igoerak lortzen. Real Unionegaz eta Murtziagaz lortutakoak aipagarriak dira. Zelan gogoratzen dituzu?
Talde bietako helburuak ez ziren berdinak. Real Unionegaz ez ginen igotzeko faboritoak, eta, hala ere, lortu egin genuen. Taldearen ilusioa, motibazioa eta gogo aldartea ikaragarriak izan ziren. Bizipen zoragarria izan zen. Murtziarentzat obligazioa zen mailaz igotzea. Kluba hartzekodunen konkurtsoan sartuta zegoen eta derrigorrez igo behar zen. Beharbada, bere sasoian ez zen lorpen hori hainbeste baloratuko, baina urte batzuk joan direnean gehiago akordatzen dira, oso egoera zailetan izan zelako.

Iruditzen zait, batzuetan, estamentuetan banatzen direla entrenatzaileak. "Honek taldeak igotzeko balio du, baina ez klub handi bat gidatzeko", eta antzerakoak entzuten dira. Komentario horiek mingarriak dira?
Tira, iritziak baino ez dira. Entrenatzaile bakoitzak badaki non dauden bere mugak eta bere joko eredua zein motatako taldeetan txertatu daitekeen ondoen. Esaterako, Real Madril entrenatzeko, ez du edonork balio. Beharbada, orain Zidanen moduko bat beharko da, errespetua sortzen duen pertsona delako.

Alderdi psikologikoa ala egunean eguneko lana entrenamenduetan. Bietako zein da inportanteena?
Gaur egungo futbolean, biak dira garrantzitsuak. Arlo taktikoan ez dago alde handirik taldeen artean eta denak oso prestatuta daude. Taldearen kudeaketa ere inportantea da, jokalariekin zintzo jokatzea eta koherentzia bat mantentzea. Talde baten barruan, hari mehe batek banatzen ditu sarritan konfiantza eta mesfidantza.

Egun batetik bestera gertatu daiteke aldaketa?
Batzuetan, bai. Emaitzak aldekoak direnean taldea ur aparretan dabil, erraz. Baina, bolada txarrean, pasioa, ilusioa eta konfiantza transmititu behar dituzu. Futbola astero azterketa duen ogibide bakarra da.

2017an, Kroaziako Lehenengo Mailan zebilen Rudes taldea entrenatu zenuen, zazpi bat hilabetez. Zelako esperientzia izan zen?
Sasoi hartan, elkarregaz lan egiteko hitzarmena zuten Alaves eta Rudes taldeek. Nire ingelesa eskasa zen eta, gainera, ezin izan nuen nire talde tekniko propioa eraman. Baina ezin nion horrelako aukera bati ezetzik esan.

Herrialde eta kultura berria ez ezik, futbola ulertzeko modu berri bat ere aurkitu zenuen?
Futbolari kroaziarrak talentu handikoak eta oso lehiakorrak dira, baina baita berekoiak ere. Badakite euren liga Europako beste indartsuago batera joateko eskaparatea izan daitekeela eta argazkian irteten saiatzen dira. Lanerako duten diziplina ere azpimarratu gura nuke. Ikaragarri langileak dira. Ez da kasualitatea edozein kiroletan onak izatea, herrialde txikia diren arren. Guk asteko egun bitan saio hirukoitzak egiten genituen. Niretzat oso esperientzia positiboa izan zen.

2004-2005 denboraldian Durangoko Kulturala entrenatu zenuen. Gainera, urte hartan Bigarren B Mailara igo zineten. Aurten ere maila horretan dabil, azken postuan. Jarraitzen dituzu taldearen ibilerak?
Kulturaleko bazkidea naiz 30 bat urtean, eta nire semeak klubean dabiltza. Talde nagusiaren partiduren bat ere ikusi dut. Kulturalaren moduko talde bat bere filosofiagaz leiala denean, zorionak ematea besterik ez da geratzen. Ez dira zoratu, eta emaitzak gorabehera, entrenatzailea azkenera arte mantenduko dute. Horrek asko esan gura du.

Mendeurreneko ekimenetan parte hartuko duzu?
Tira, bere sasoian zerbait komentatu zidaten, baina ezin dut ezer aurreratu. Lagundu ahal dudan denean pozik lagunduko dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!