“Orain edozein lekutan entzuten dira swing doinuak, eta janzkera ere modan dago”

Aritz Maldonado 2019ko mar. 14a, 15:19

Elektroswing festa egongo da bihar Plateruenean, Koban eta Swingrowers taldeekin. Palermotik (Italia) datoz bigarrenak. 2011tik munduan barrena erakusten dute euren jazz, hip hop, elektronika eta "ijito-Swing" delakoaren nahasketa.

Zelako harrera eduki du disko berriak?
Oso ona! Outsidein hirugarren lan honetan, gure soinuaren aukeretan sakondu gura genuen; elektroswing purua rock, reggae, hip hop, funk eta disko doinuekin nahastu dugu. Pozik gaude emaitzagaz. Ez genuen dantzarako abesti batzuk egitea gura soilik. Hitzak gehiago landu ditugu, adibidez. Munduko hainbat herrialdetan lortu ditugu entzuleak Outsidein diskoagaz, eta orain gure musika toki horietan erakutsi gura dugu. Maiatzean AEBetara eta Kanadara goaz.

Gaur hasiko duzue 'Iberian Tour' delakoa.
Gure bigarren aldia izango da estatu espainiarrean, eta etxean bezala egon izan gara. Siziliarrak eta espainiarrak nahiko antzerakoak dira kulturalki. Festibaletan publikoa anitza da, eta kontzertuek ez dute harrera berdina edukitzen. Kontzertu sorta honek erakutsiko digu zenbat zale ditugun hemen. Elektroswing jaialdi bat da, eta, beraz, badakigu jendea gure musika entzutera etorriko dela. Oso harro gaude zentzu horretan.

Nolakoak dira zuen kontzertuak?  
Mendekotasuna sortzen dute.

Swing doinuak modan daudela dirudi. Ados zaudete?
Bai, guztiz! Edozein lekutan entzuten dira swing doinuak orain; janzkera ere modan dago.

Kobanekin joko duzue, ezagutzen dituzue?
Itzelak dira, beraiek ezagutzeko irrikitan gaude!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!