Durangoko osasun zentroan mediku eta erizain gehiago ipintzea eskatu du Herriaren Eskubideak

Markel Onaindia 2019ko mar. 13a, 20:40

Osoko bilkuran osasun zentroei buruzko mozioa aurkeztu du Herriaren Eskubideak. Bere arabera, Osasun sailburuak lehen arreta indartzeko eginiko azken txostenak, ezartzen dituen baliabide kopuruaren eta herritarren beharrizanen artean "balantze negatiboa" eman du datozen urteetarako, eta egoerak 2025era arte okerrera egingo duela uste du. Mozioak sindikatuen babesa duela azaldu du.

Horregatik, beharrizanen azterketa bat egitea eskatu du, eta datozen hiru hileetan mediku eta erizainak kontratatzeko aurreikuspena egitea ere bai. Esaterako, Durangon familia medikuen beharra dagoela adierazi du Jorge Varela zinegotziak; sarri hitzordua hiru asterako eman izan dela. Mediku bakoitzeko 1.450 pazienteko kupoa kontuan hartuta, Durangon 1.550 paziente hartzen dituztela ohartarazi du. Herriaren Eskubideak mozio hori onartu eta Eusko Jaurlaritzari udal lez eskaera egitea nahi zuen, baina EH Bilduren babesa lortu du soilik. Ion Andoni del Amok esan du "gainkarga" dagoela lehen arretan, eta Durangon bertan ere "arazoa" dagoela. Kupoa aintzat hartuta, Durangon erizain bat eta mediku bat behar direla dio.

EAJk eta PSE-EEk ordezko mozio bat aurkeztu dute, eta horixe onartu da alkatearen kalitateko botoak berdinketa hautsita (PP ez da egon bilkuran). Gobernu taldearen ustez, Goiztidi Diazen eta Pilar Riosen ahotan, Osakidetzak beharrizanen inguruko azterketak egin izan ditu, eta kupoei dagokienez, profesionalen "dimentsio egokia" dagoela. Gainera, langileen gaitasuna "bikaina" dela ondorioztatzen da azterketetatik. Mozioan, "kupo egokiak" mantentzeko lan egitea eskatu diote EAJk eta PSE-EEk Osakidetzari.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!