"Parte hartzeko errelebo lasterketa baten modukoa da Lilakrosa, sinbolismoz betea"

Anboto 2019ko mar. 10a, 08:30

Gaur, 14. urtez egingo dute Lilakrosa Durangon. Isabel Iraurgi, Mila Sarrionandia eta Mas Curvas elkarteko Miren Yañez han izango dira, urte hauetan guztietan bezala. Ezkurditik irtengo da lasterketa, 12:00etan. Aurten, Guatemalan indarkeria jasandako emakumeei lagunduko die Lilakrosak.

Ekimenaren sustatzaileetariko bat Andereak izan zen 2005ean. Harrezkero, egon da aldaketarik?
Miren Sarrionandia: Parte-hartzean igarri da aldaketa, batez ere. Azpimarratzekoa da zenbat elkarte eta herritar batu diren ekimenera.
Isabel Iraurgi: Neurri batean, Donostiako Lilatoiatik ekarri genuen ideia.
Miren: Baina gurea lasterketa herrikoiagoa izan behar zela pentsatu genuen, herritarrak sentsibilizatu eta kontzientziatzeko. Orduan, talde feminista bi geunden Berdintasun Kontseiluan: Bilgune Feminista eta Andereak. Lehen manifestu hartan, emakumeen langabezia maila altua, erabakiguneetan genuen presentzia baxua, enpleguaren sexu banaketa, tratu txarrak eta sexu erasoak nabarmendu ziren; batez beste, andren soldata gizonena baino %26 baxuagoa zen.

Oraindik ardura sortzen duten gaiak dira.
Isabel: Bai, ia berdin gaude. Dena dela, gizartea osoan ez bada ere, badago begirada apur bat kritikoagoa. Horretan aldaketa izan da; alarmak pizten dira egoera batzuen aurrean.
Mila Yañez: Eman dira pausoren bazuk, emakumeen presentzia igo egin da, erabakiguneetan, kirolean... baina oso astiro doa dena. Tratu txarrak eta sexu erasoak, berriz, gehitu egin direla ematen du.
Miren: Sistema patriarkalaren eta kapitalismoaren erresistentziak dira. Moduak sortu dituzte, gazte eta umeek sexu eredu zehatz batzuk kontsumitu ditzaten. Asko borrokatu beharra dago oraindik.

Zergatik korrituko duzue Lilakrosa?
Miren: Berdintasuna deitzen diogun horren alde zerbait egiteko aukera delako; asko egon daitekeen arren eztabaidatzeko berdintasunaz. Garrantzitsua delako txikienei islatuko diegun irudi hori: testigua beti emakume baten eskuetan. Emakumeen artean kirola indartzeko eta familian egiteko lasterketa delako;  askotan hizpide dugun hezkuntzak familian du jatorria eta.
Isabel: Mirenek esan duen lez, gogoan geratzen diren flash-ak islatzen zaizkie umeei. Guztientzat balio duen kamiseta arrosa, adibidez.
Mila: Kirola sustatzeko eta familian egiteko lasterketa bat delako, gizon-emakumeen berdintasunaren alde.

Nola bizi duzue zuek Lilakrosa?
Miren: Lehen, lasterketa osoa egiten nuen. Orain, irteeran parte hartzen dut, giroa bizi dut gehiago.
Isabel: Azkenekoetan ilobekin irten naiz. M8ko egitaraua borobiltzeko era da.
Mila: Hainbat urtez eraman dut lekukoa. Orain, alabagaz joaten naiz. Egiteko eta erabakitzeko libre garela erakutsi gura diot.  
Lasterketa amaitzeko gai ez direla uste dutenei, zer esango zeniekete?
Mila: Ia oinez goaz eta! Animatu daitezela. Lasterketa familiarra da.
Miren: Parte hartzeko errelebo lasterketa baten modukoa da, sinbolismoz betea.
Isabel: Parte hartzea da garrantzitsua; denok gara irabazle.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!