Durangoko galdeketa

Oposizioaren ustez, herri galdeketa egitea ez dago EAJ eta PSE-EEren agendan

Markel Onaindia 2019ko mar. 7a, 16:37

EH Bildu eta Herriaren Eskubideko zenbait ordezkari, urtarrilean eginiko agerraldi batean.

Udal gobernuak estazioko proiektua behin-betiko onartu eta gero, EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak ohar bateratua kaleratu dute. "Argi geratu da azken ekintza honekin ez dagoela EAJ eta PSEren agendetan obrak gelditu eta herri galdeketa egitea", uste dute.

Udalbatzak urtarrilean obra geratzea onartu arren, udal gobernua etxe dorreen egitasmoagaz aurrera doala salatu dute oposizioko alderdiek. Otsailaren 22an dekretua onartu, eta martxoaren 1eko boletin ofizialean argitaratu zuen. “Mugimendu hauek argi uzten dute EAJ eta PSE ez daudela herriko beharrizanei begira eta beste instituzio eta pertsona batzuen interesak dituztela jomuga, higiezinen espekulazioan oinarritutako interesak, Durangoren kaltetan doazenak”. Herritarren partaidetzari buruz berba egin arren, udal gobernuak erabaki honegaz estazioko proiektuari buruz iritzia ematea "zaildu" egiten duela salatu dute EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!