Durangoko Lilakrosean parte hartuta, Guatemalan indarkeria jasandako emakumeei lagunduko diete

Markel Onaindia 2019ko mar. 6a, 16:59

Parekidetasuna ardatz askoren bueltan jorratuko dute martxoaren 8ko ekintzetan, eta horietako bat kirola izango da. Durangon, Lilakrosak 14. edizioa beteko du aurten, eta berriro ehunka lagun batzeko apustua egingo dute; martxoaren 10ean izango da, 12:00etan.

Kamisetak egunean bertan eskuratu ahalko dira, 11:30ean hasita; baita aurreko egunetan ere, HAZen eta Landako kiroldegian. Gutxienez euro bat emanda jasoko dute eta dirua Medicus Mundi Bizkaiak Guatemalan emakumeei laguntzeko duen proiektu baterako izango da, udalak ere babesten duena, hain zuzen. Beraz, parekidetasuna aldarrikatzeaz gainera, kutsu solidarioa ere edukiko du lasterketak.

Medicus Mundi erakundeko Joana Lopez egitarauaren aurkezpenean egon zen, eta, bere ustez, Lilakrosa "aukera ona" izango da euren egitasmoa ezagutzera emateko. Indarkeria matxista sufritutako emakumeekin egiten dute lan.

Guatemalara bidaia
Nabarmentzekoa da udaleko ordezkaritza bat Guatemalan izan dela azken asteetan, proiektua zuzenean ezagutzeko. Euregaz, Durangotik Hegoaldera lehiaketa irabazi zuen gazte taldea ere joan da. Izan ere, gazteak kontzientziatzeko asmoz sortu zuen lehiaketa udalak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!