Neskutz Rodriguez batzarkidea izango da Durangoko Herriaren Eskubideko zerrendan bigarren hautagaia

Markel Onaindia 2019ko mar. 6a, 10:59

Alderdiak jakinarazi du Rodriguezek foru hauteskundeetara berriro aurkeztea baztertu duela, udal politikagintzan zentratzeko. Herriaren Eskubideak martxoaren 12an aurkeztuko du Durangoko udal hauteskundeetarako zerrenda osoa, 19:00etan Landako Elkartegian herritarrei begira egingo duen ekitaldi zabal batean. Julian Rios izango da alkategaia.

Rodriguez Bizkaiko batzarkidea izan da azken lau urteotan, eta aldaketaren zergatia arrazoitu du prentsa oharrean. “Batzar nagusiak ez dira batere gardenak eta herritarrengandik oso urrun daude. Pertsonengandik hurbil dagoen egiazko politika egitea nahi badugu, beharrezkoa dugu herrigintzaren aldeko apustu garbia egitea eta auzoei ahotsa ematea auzo-zinegotzien eta auzo-batzordeen bidez”, adierazi du Rodriguezek. 

Durangon aldaketa emateko beharra nabarmendu du. “Durangon, EAJ eta PSEren azken urteetako kudeaketak pribilegiaturiko elite ekonomikoen interesak asetu ditu eta bada egoera aldatzeko ordua”. Bere lehentasunak, "benetako" politika feminista, gardentasuna eta parte-hartzea izango dira. 

Euskal erkidegoko Podemos-Ahal Duguren sustatzaileetako bat izan zen Rodriguez. Publizitatea eta Harreman Publikoetan Lizentziatua da, eta Marketin Zuzendaritza eta Merkataritza Kudeaketa masterra dauka.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!