Julian Rios izango da berriro Herriaren Eskubideko alkategaia Durangon

Markel Onaindia 2019ko urt. 28a, 13:30

Herriaren Eskubideak adierazi du Rios izan dela alderdiak eginiko primarioetan aurkeztutako hautagai bakarra, eta kideek aho batez onetsi dutela. Duela lau urte ere bera izan zen zerrendaburu, eta alderdiaren ustez ordutik garatutako lan horri jarraipena eman ahal izango diote. "Durangarren eskaerak udaletxera iritsiko direla eta lanean jarraituko dugula bermatzea da" Riosen aukeraketa, oharrean esan dutenez.

Auzoetan eginiko lana ere nabarmendu du Herriaren Eskubideak. "Adiskidetasunaren, enpatiaren eta gardentasunaren bidez auzoak lantzen jarraituko dugu".

Zerrenda osatzen
Hurrengo pausoa, Herriaren Eskubideak, Podemos-Ahal Duguk eta pertsona independenteek osatutako zerrenda osatzea izango dute, jadanik martxan dagoena. Hautagaitza "irekia, zabala eta plurala" izango dela aurreratu dute, eta otsailaren erdialdean emango dutela jakitera. 

Rios gizarte hezitzailea da, eta Herriaren Eskubidea alderdiko egungo bozeramailea udalean. Gizarte mugimenduetan esperientziduna da, baita nazioarteko kooperazioan ere. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!