Durangoko Arripu futbol taldea igoeraren bila dabil Bizkaiko Ligan. Talde bi igotzen diren mailan hirugarren dago, igoeratik lau puntura. Ugao liderrak 60 puntu ditu, Txurditarrak taldeak 53 eta Arripuk 49. Domekan, 12:45ean, Ugao liderra hartuko dute etxean, Durangoko Tabira futbol zelaian.
Partidu garrantzitsu horri begira, animatzera joateko deia egin dute. Klubeko webgunean iragarri dutenez, Nortasun Agiri Nazionalaren bidez Durangaldekoa dela erakusten duenak doako sarrera izango du. Horrez gainera, bazkideek nahi beste lagun eraman ditzateke.
Orain arte, Arripuk ez du partidurik galdu etxean: zortzi garaipen eta bi berdinketa. Baina Ugao ez da nolanahiko liderra. Aurtengo denboraldian jokatutako 20 partiduak irabazi egin ditu. Domekako partiduaren ostean bost jardunaldi geratuko dira liga amaitzeko.