Bost aparkaleku berri proposatu ditu EH Bilduk, Durangon aparkatzeko dauden arazoak hobetzeko

Joseba Derteano 2019ko mar. 1a, 13:46

Gernikako Arbola Plazan, hilerriaren alboan, Iparzabalarran, Larrasoletan eta Urko kalean parking berriak egitea proposatu dute, eta, Landakon zein estazioan dauden lur azpikoak 24 ordura zabaltzea.

Herritarren arduren gainean urtero egiten diren inkestetan aparkatzeko arazoa “beti goiko aldean” agertzen da, EH Bilduk ohar batean adierazi duenez. Horrez gainera, aparkatu nahian dabiltzan kotxeek eragiten duten “alferrikako kutsadura” gogoratu dute. Arazo horri irtenbidea emateko Gobernu Taldekoen “utzikeria” salatu eta hainbat proposamen batzen dituen plan integrala plazaratu dute.

Aparkalekuak herriko sarreretan

Hiru parking disuasorio proposatu dituzte herriko sarreretan. Bata, Gernika Arbola Plazan, Tadu enpresa eraitsita geratuko den orubean. Aparkatzeko 100 bat plazarekin, “leku paregabea” dela uste dute Durangoko sarrera “erabilienetakoa” delako. Bigarrena, hilerri alboan joango litzateke, beste 100 bat plazarekin. Azkena, Iparzabalarran egitea ikusten dute, Baque eta Bruss enpresen artean. 80 plazarekin, saihesbidetik sartu ahalko litzateke bertara, Durango barrutik igaro gabe.

Horiek egitea eta San Roken dagoena mantentzea proposatzen dute, baina bertan aurkitzen diren autokarabanentzeko beste kokapen  bilatzea “beharrezko” ikusten dute.

Auzotarrentzako parking-ak

Larrasoloetan 60 plazako aparkaleku berriak Alde Zaharreko, Antso Estegizko eta Juan de Itziarko auzotarrek bizi duten “arazo larria” konpontzea izango luke helburu. Urko kalean ere aparkaleku berri bat egitea ikusten dute. Analisi teknikoen bidez eta herritarren foroetan erabakiko litzateke parking librea izango zen edo auzotarrentzakoa bakarrik. Izan ere, hainbat zerbitzu daude inguruan, hala nola, kirol azpiegiturak eta anbulatorioa.

Lurpeko aparkalekuak 24 orduetan irekita

Landakoko aparkalekuan ordutegia “murritza” dela uste dute eta 24 orduz zabaltzea proposatzen. Azkenik, estazioko aparkalekua “ia beti” hutsik dagoela diote, kokapen “oso ona” duen arren. Horregatik, Euskal Trenbide Sarearekin —jabetza daukan enpresa publikoa— kudeaketarako hitzarmen bat negoziatzea proposatzen dute, eguneko 24 orduetan zabalik egon dadin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!