“Wikipedian ez da agertzen liburuko sortzaileek Euskal Herriagaz duten harremana, eta horixe kontatzen dut nik”

Aritz Maldonado 2019ko mar. 3a, 10:50

Jubilatuta egon arren, hainbat proiektutan murgilduta dago Jose Julian Bakedano durangarra. Azkena, 'Extraños en el paraíso'. ANBOTOrako idatzitako kolaborazio zaharrak hartu, eta bilduma batean batu ditu Bakedanok. 42 sortzailek Euskal Herriagaz duten harremana aletu du bertan.

Nondik dator ANBOTOrekiko harremana, eta nola gorpuztu da liburu hau?
Orain hamabost bat urte, Xabier Amurizak ANBOTOgaz kolaboratzeko eskatu zidan. Buruari bueltak eman ostean, kolaborazio horietan zenbait idazle, sortzaile edo zinemagilek Euskal Herriagaz duten harremana aztertu gura nuen. Kanpotik, Euskal Herriarekiko duten ikuspuntua erakutsi gura nuen. Sei astean behin-edo idazten nituen zutabe horiek, eta 42.era heldu nintzenean, liburutxo baterako moduko materiala nuela ikusi nuen. Orduan, gaztelaniaz idatzi nituen testu originalekin bilduma egin nuen. Bere garaian, itzulpenak Amurizak berak eta Igor Elortzak egin zituzten, besteak beste.

Zeintzuk dira sortzaile horiek?
Denetariko idazleak daude: Frazer, Jorge Semprun eta Gore Vidal, besteak beste. Ezezagunagoak direnei argazkiak jarri dizkiegu testuen alboan. Senprunena, adibidez, gehien gustatzen zaidanetako bat da. Buñuelena ere atsegin dut. Betidanik, txikitatik, obsesionatu nau kanpotik nola begiratzen diguten, zein jendek berba egiten duen Euskadiri buruz; adibidez, Pierre Loti Ramuntxoren egileak egin zuen bezala. Txikitatik arduratu nau horrek, euskal herritarrak ez direnek guri buruz zein iritzi duten.

Zein iritzi dute liburukoek?
Gehienak gorazarrezkoak dira, Borgesena izan ezik. Bere atala Borges contra los vascos deitzen da, eta  El Congreso deituriko ipuin batean oinarritzen da. Bertako protagonista Fermin Eguren euskal herritarra da, eta behiak jetzi baino egin ez duen herri baten parte dela dio. Borgesek bazuen harremana euskal herritarrekin, baina eskasa. Bera da liburuko ardi beltz bakarra.

Hitzaurrea Kirmen Uribek idatzi du.
Bereziki idatzi du Kirmenek. Bilbao-New York-Bilbao liburuko protagonistetako bat naiz, izan ere, museora etorri zen Arteta eta Bastida arkitektoaren arteko harremanaren inguruko azalpenei buruz galdetzeko. Azken liburuan ere, Manu Sota protagonista eraikitzen lagundu nion, eta lagun hori neu nintzen nobelan. Epilogoa Bernardo Atxagak idatzi du. Bere testu bat ere berreskuratu dut bere baimenagaz, gaiari buruz berba egiten duelako. Kirmenen hitzaurreaz gainera, nik ere beste bat idatzi dut, Leer es un gran placer titulua duena. Oso pozik nago liburuagaz. Azken finean, horrela egin ezean, ANBOTOrako idatzitako kolaborazio horiek galdu egingo lirateke eta. Jendeak ez ditu gordetzen, eta hau aukera ona izan daiteke horretarako. Modu horretara, berriro existitzen direla esan daiteke. Aipatzen ditudan autoreak ere gustuko ditut.

Bigarren bizialdi bat.
Bai, hori da. Azkeneko kolaborazioa idatzi nuenean hausnartu nuen horri buruz, eta gero egin nuen nire proposamena. Oraindik beste 62 zutabe ditut idazteko, baina lan gutxiago dudanean idatziko ditut. Hor ere, nagusiki idazleei buruz idatziko dut, baina badaude zinemagileak edo margolariak ere. Tamalez, ezin izan ditut guztiak liburu honetan idatzi.

Honek guztiak ikerketa lan handia suposatuko zizun, ezta?
Wikipedian ez da agertzen liburuko sortzaileek Euskal Herriagaz duten harremana, eta horixe kontatzen dut nik, hain zuzen ere. Nik egindako irakurraldietan topatu ditut, edo lagunek eman dizkidaten pistetan. Kasu batzuetan, nahikotxo ikertu behar izan dut, baina beste pasarte batzuk buruz nekizkien eta ez dut horrelako lanik egin behar izan. Memoria ariketa bat ere izan da.

Azaleko katua Aliceren Lurralde Miresgarrikoa da?
Bai, Cheshireren katua da azalekoa. André Malraux idazle frantziarrak hauxe idatzi zuen hilaurreko azken liburuan: "Eta orain, hilzorian nagoen honetan, Aliceren Lurralde Miresgarriko katua ikusten dut niri irribarreka". Horrexegatik jarri dut katua liburuko azalean. Malrauxek harremana zuen Ipar Euskal Herriagaz, eta hurrengo liburuan sartuko dut.

Geratzen diren 62 horiek lantzen hasi zara?
Bai, batzuk idatzita ditut jada, Rafael Sanchez Mazas eta Aitor Paret, adibidez. Baina denbora dudanean idatziko ditut gainontzekoak.

Ze beste proiektu duzu esku artean?
Bilboko Arte Ederren Museoko aholkularia naiz, eta Azkuna Zentroan zine zikloak ere antolatzen ditut. Vicente Larrea eskultoreari buruzko eta Mondragon Kooperatibari buruzko dokumental banatan ere banabil lanean, eta beste liburu bat idazten ari naiz, Paul Schraderri buruzkoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!