“Surrandiek bere lekua finkatzea lortu dute; ea gazteek ohiturari jarraitzen dioten!"

Aitziber Basauri 2019ko mar. 2a, 10:00

Jesus Egigurenek sortutako musikagaz eta Ixone Aromak jarritako letrak abestuz irten ziren, lehenengoz, Surrandiak 2000. urtean, Kriskitin dantza taldearen eskutik. Zapatuan, 20. urtez irtengo da Surrandi Konpartsa bazterrak astintzera, Hartza lagun dutela. Merkatu Plazan batuko dira, 18:00etan, eta ordu erdi izango dute kalejirarako prest egoteko. Azken dantzak eta agur berbak Andra Mariko elizpean egingo dituzte, 20:00etan. Txokolatea ere banatuko dute.

Surrandiak irten ziren lehen urte hura nola oroitzen duzue?
Karmelo Alberdi: Urte gogorra izan zen! Jatorriz, txalekoekin zirikatzen dute surrandiek, baina, gogorregia zela-eta, puxikak erabiltzea pentsatu genuen. Baina, non lortu? Bada, Berrizko hiltegitik ekarri genituen, oso-osorik. Baserrian garbitu genituen. Barrukoa kendu eta lastoagaz puztu genituen. Hilabetean usaina gainetik ezin kendu egon ginen! Gerora, Bergaratik ekartzen hasi ginen, garbiagoak. Ez dute zerikusirik.
Nagore Lozano: Poz handiagaz gogoratzen dut. Zerbait berria kaleratu genuen, lan handia eginda. Esan behar dugu umeek globoak erabiltzen dituztela.

Nolako bidea izan da?
K. A.: Gorabeheraduna. Baina orain bostpasei urtetik hona indartuz joan da: 80 bat puxika ekartzen ditut, eta 150 bat lagun batzen gara, eguraldiaren arabera. Surrandiek bere lekua finkatzea lortu dute. Ea gazteek ohiturari jarraitzen dioten!
N.L.: Karnabalei buruz galdetuta, askok badute Surrandien berri, ezagutzen dituzte. Horregaz geratzen naiz. Askok badakite Durangon surrandiak izan zirela eta konpartsa bat badagoela.

Badaude betebeharreko arauak...
N. L.: Maskara jarrita joan behar dugu eta gerritik behera baino ezin dugu jo puxikekin. Non dantzatu ere oso zainduta dago, eta Andra Mariko elizpera sartzeko, herritarren babeslekura, maskara kendu behar da.

Inauterizaleak zarete?
K.A.: Asko gustatzen zait zirikatzea, eta hori ere bada karnabala. Beti mozorrotu izan naiz. Hartza, laguntzailea eta surrandi izan naiz, eta askotariko 8-9 maskara ditut etxean.
N. L.: Ez naiz oso zalea, baina lagunarteko urteroko plana dut surrandiena.

Erratz kalejiran irteten zineten lehen, Durangoko txistulariekin.
N. L.: Bai, Lantzeko karnabaletako antzeko arropekin.
K.A.: Unanuera, Altsasura eta Lantzera ere joan ginen, karnabaletara. Donibanera eta Zuberoara ere bai. Orduan hasi ginen Durangoko Aratusteei buruz ikertzen.

Surrandien istorioa batuz, doinu eta letrak gorpuztea ere lortu duzue.
K.A.: Bai, Ixone Aromak jarri zion letra Jesus Egigurenen musikari, 2000n. Unai Iturriaga eta Ander Ertzilla etorri ziren gero, eta, 2003an, Ane Belaustegi.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!