Pilar Rios alkateordea (PSE-EE), Olaia Albizu (EAJ) eta Eider Uribe ( EH Bildu) zinegotziak, eta Maria Villar teknikaria joan dira udalaren ordezkari lez. Euregaz batera, erakunde biek antolatutako Durangotik Hegoaldera lehiaketako irabazleak ere joan dira: Ane Amantegi, Ane Arbeo, Ainhoa Olaso eta Mikel Gandarias. Durangoko gazteen artean hego hemisferioko emakumeen egoeraz kontzientziatzea izan da lehiaketaren helburua. Izan ere, Medicus Mundiko Ricardo Fernandezek balorazioko prentsaurrekoan esan duen lez, “iparraldeko gizarteetan balio aldaketarik ematen ez bada zaila izango da aldaketa orokorrak ematea”.
Aipatutako bi proiektu horietan, indarkeria sexista jasan duten emakumeak artatzen dituzte, kasu askotan ume zein gazteak direnak. Osasun arreta emateaz gainera, laguntza psikologikoa eta aholkularitza eskaintzen diete. Bertan, indarkeria sexista prebenitzea eta sexu zein erreprodukzio eskubideak babestea da helburua.
Guatemalako gizartearen %60 pobrezia egoeran bizi dela, eta %25 probrezia larrian bizi dela azaldu du Albizuk, egoeraren erakusle. Fernandezen esanetan, zaila da emakumeen alde egitea justizia zein hezkuntza arloetan, eta horretan eragiten ere saiatzen dira. Egoera gogorrak topatu arren, ”gauza positiboak” ere ekarri dituztela azaldu du Riosek, eta bidaia intentsoa izan dela. Medicus Mundiren proiektuak ezagutzeaz aparte, mugimendu feministekin ere hartuemanak lantzeko aukera izan dute.