"Taldeko eta inguruko jendea batuta, 50 bat lagun gara; familia handitzen doa"

Joseba Derteano 2019ko mar. 2a, 10:30

Areto-futboleko talde asko lagun kuadrillek sortutakoak dira. Batzuentzat talde hori nahikoa da euren nahiak asetzeko. Baina beste hainbatek eboluzionatu egiten dute, hazi eta zabaldu egiten dira, eta areto-futbola gizartera heltzeko erreminta moduan ikusten dute. Durangoko Mendibeltz da talde  horietako bat.

Eneko Sampedrok (Zaldibar, 1991) hamarkada bat darama bertan, eta garapen horren lekuko eta sustatzaile izan da. "Taldeko eta inguruko jendea batuta, 50 bat lagun gara. Familia hazten ari da", azaldu du. 2016tik hona hiru talde berri sortu dituzte. Harrobia lantzea izan zen lehenengo urratsa. Orain urte bi gazteen taldea sortu zuten. "Adinean gora gindoazen eta etorkizunera begira gazteekin lan egitea komeni zela ikusi genuen", azaldu du Sampedrok. Aurten, lan horren uzta jasotzen ari dira. Iñaki Balier, Ibai Alonso, Felix Agorria eta Sabin Zenarrutzabeitia lehen taldera igo dituzte eta euren ekarpenak lagunduta, Maila Gorenera igo daitezke. "Ez igota ere, orain arte egin dugunagaz, klubaren historiako denboraldirik onena litzateke", Sampedroren ustetan. B taldea ere sortu dute aurten, jokalari denei tokia egiteko.

Etorkizunean gaztetxoengana hurreratzeko asmoa dute. Durangoko ikastetxeetako gurasoen elkarteekin batu gura dute, euren seme-alabek areto-futbola probatu gura badute Mendibeltzek atea zabalik duela jakinarazteko.

Emakumeen taldea
Emakumeen taldea aurten abiatu dute eta Sampedro da entrenatzailea. "Guri berdin zigun hasiberriak izatea. Denei egin genien tokia, eta 12 jokalari batu ziren. Euretatik 11 lehenengoz dabiltza", dio. Gainera, martxoaren 14an, 18:30ean, mahai-inguru bat egingo dute Andragunean, Emakumeak eta Kirola izenburupean: Iurretakon ibilitako Goretti Hernandez, Beti Gol taldeko jokalari Iraide Legina eta Mendibeltz taldeko Ane Solagaistua batuko dira.

Kirolaren bidez, kirola baino haratago heltzeko ahaleginaren adibidea da. Hona beste adibide bat: azken asteetan mugikor zaharrak jaso dituzte Angelman sindromearen elkartearentzat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!