Euskal Herriko selekzioak K-1 borroka modalitateko Munduko Kopan parte hartuko du

Joseba Derteano 2019ko ots. 28a, 13:36

Ezkerretik eskumara: Anartz Iturbe Bizkaian EHK-1eko koordinatzailea, Jorge Hurtado Iurretako Gerlari kirolguneko arduraduna eta, Jokin Ibarra EHK-1 elkarteko burua gaur Durangon.

EHK-1 elkarteak sei borrokalari eramango ditu Dublinera (Irlanda). Lorpenarekin pozik, gaurko prentsaurrekoa Bixintxo Bilbao pilotariari “elkartasuna” helarazteko baliatu dute.

Iazko urrian ere nazioartean aritu ziren, baina amateur mailako txapelketa batean. Oraingoa Munduko Kopako proba da eta 40 herrialdetako 3.500 bat borrokalarik parte hartuko dute Dublinen. Euskal Herriko selekzioa izango da euretako bat. Martxoaren 3ra arte egongo dira han.

Bixintxo Bilbaori euren babesa erakusteko erabili dute gaur Durangoko Pinondo etxean emandako prentsaurrekoa. Bilbao pilotariari urtebeteko zigorra jarri zion Nazioarteko Pilota Federazioak Munduko Txapelketan ikurrina ateratzeagatik. Gaur, hainbat hedabidek jakitera eman dutenez, zigor hori bertan behera utzi dute. “Gertatu denagatik gure elkartasuna erakutsi gura diogu”, adierazi du Jokin Ibarra EHK-1 elkarteko buruak.

Euskal Boxeo Federazioaren “boikota”

Euskal Boxeo Federaziotik sentitzen duten “boikota” ere salatu dute. “Ez dugu ulertzen nola euskal federakunde batek bere posizioa baliatuz udala eta erakundeak presionatzen dituen gure selekzioak aurrera ez ateratzeko, lekuz kanpo dauden mehatxu eta gezurrekin”, adierazi du Ibarrak. Adibide moduan iaz Durangon eta Zornotzan selekzioa osatzeko egitekoak ziren txapelketak jarri ditu. “Beste leku batera mugitu arazi zizkiguten azken orduan, horrek eragindako kalteekin”.

Boxeoaren araudian kickboxing-a agertzen dela, baina K-1 modalitatea ezetz argitu du Ibarrak. Ez dutela “injerentziarik onartuko” diote eta epaitegietara joateko prest daudela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!