Zergatik sortu duzue Aintzat elkartea? Non du abiapuntua?
Koordinazio espazio moduan jaio da. Alde batetik, EHUko medikuntzako ikasle asanbladatik gatozenok gaude, karrera osoa euskaraz egin ezin genuenok. EHUko egituraren eredua oso zaharkitua eta espainiarra zen, eta osasungintzan antzeko egoera topatu dugu. Begira oposaketekin gertatu dena ere; unibertsitatean bezala, lehentasunezko kontratazioak egon dira, kasu askotan euskaraz ez zekitenak gainera. Ikasteko bakarrik ez, euskaraz lan egiteko ere zailtasunak ditugu, eta mugitzen hasi gara.
Zelan hasi zarete saretzen?
Osasungintzako langileon artean hartu-eman bat egon daitekeela ikusi dugu, baina baita ikasleekin, pazienteekin eta herri mugimenduekin ere. Osasungintza euskalduntzeko espazio eraginkor eta koordinatu bat sortzea da asmoa. Egia esan, Osakidetza barruan badago euskalduntzeko ildo bat, baina askotan itxurakeria dela uste dugu. Ez dago funtzionamendu klinikoa eta pazienteekiko hartu-emana euskalduntzeko borondaterik. Osasun langileen formakuntza guztiz euskaldundu beharra dago; EHUn, adibidez, euskarazko lerro bakarra egotea lortu beharra dago. Izan ere, ikasle elebidun horiek bakarrik dira gai paziente elebakarrak eta elebidunak artatzeko. Paziente euskalduna gaztelaniaz tratatzen badugu, praxi oker bat egiten dabiltza, bere osasuna kaltetzen gabiltza. Horrekiko arreta hobea izango da euskaraz bada.
Euskaraz lan egiteko ezintasunak aipatu dituzu. Baina, zein da egoera? Zein pauso eman daiteke hori aldatzen hasteko?
Ahozko komunikazioa kasu batzuetan euskaraz izan daiteke, baina idatzizkoa eta botere guneetakoa gaztelaniaz da guztiz. Osakidetzan bezala, Osasunbidean eta iparraldeko sisteman ere, defektuz erdaraz sortzen dira programa guztiak. Langilea euskalduna izan arren, gaztelaniaz lan egingo duela egintzat jotzen da. Lanean gabiltza pazienteen txosten klinikoak, paziente euskaldunekiko komunikazioa, gure formazioa eta abar euskaraz izateko. Hori guztia koordinatu eta norabide estrategiko bat eman gura diogu. Euskara hegemoniko bihurtu gura dugu, betiere pazienteen hobe beharrez.
Nire kasuan, bizi osoan euskaraz jaso dut arreta Iurretako osasun zentroan. Salbuespena al da?
Jende batek zortea izan du eta euskarazko arreta jaso ahal izan du. Hori egia da. Hala ere, gauza asko erdaraz izango ziren seguruenik, baita jardueren erregistroa ere. Lehen arretan, pertsona bategaz izango duzu hartu-emana, baina beste norabaitera bazoaz, Gurutzetara adibidez, hizkuntzarekiko jauzia nabaria izango da seguruenik. Hor, sarritan, ahozko komunikazioa ere ez da ahalbidetzen.