San Agustingo ospitale zaharrean gune soziokulturala sortzea proposatu du Herriaren Eskubideak

Markel Onaindia 2019ko ots. 25a, 10:44

Udalerrian espazio soziokultural gehiago sortzeko plan integral bat osatzen dabil Herriaren Eskubidea, "dagoen gabezia" konpontzeko asmoz. Hainbat udalerritako gizarte-etxe eta kultur-etxeak bisitatu ostean, Herriaren Eskubideak ospitale zaharrean gune soziokulturala zabaltzea proposatu du.

Bertan gaztelekua, ludoteka, bizilagunen erabilerarako gelak, heziketa eta informazio
esparruak, sorkuntza kultural eta artistikorako aretoak edota Durangoko elkarte eta
plataformentzako gelak bideratzearen aldeko apustua egiten du Julian Rios alkategai duen alderdiak. ¨Durangoko hainbat azpiegitura egoera tamalgarrian daude eta bada hauek bizilagunentzako berreskuratzeko ordua. Esparruen eskaintza handitze aldera, "Durangok gune soziokultural baten beharra du”, esan du Riosek. Ondoan San Agustingo kulturgunea eta Arte eta Historia Museoa egonda, ingurunea "milia kultural" bihurtzeko aukera dagoela dio.

Bestalde, San Fauston eta Aramotzen gizarte-etxeak eraikitzeko eskaera gogoan izan du. "Durangon zerbitzu soziokulturalak deszentralizatzeko beharra dago". San Fauston Kapitanena baserria eta Aramotzen Pagasarri kaleko 3. zenbakiko etxabea proposatu ditu horretarako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!