“Partiduak aurrera joan ahala, gero eta gusturago sentitu naiz taldeko joko antolatzaile postuan”

Joseba Derteano 2019ko ots. 25a, 09:23

Erreleboen denboraldia da Tabirakon. Batetik, sei urtez taldeko entrenatzaile izan den Jesus de Vicentek utzi eta Antxon Imazek ordezkatu du. Bestetik, jokalari beteranoak ere badoaz apurka-apurka. Marina Maurtua kapitain handiarena izan da azken agurra. Baina mugimendu horiek ez dute taldea desorekatu. Mirari Aldekoak (Iurreta, 1995) eta gainerako jokalariek gogoz hartu dute aginte makila, eta Tabirako oso ondo sailkatuta dago lauko finala jokatzeko.

Aulkian aldaketa egon da aurten. Zelan hartu zenuten Jesus de Vicenteren agurra?
Kolpe gogorra izan zen. Gogoan dut denok batu gintuenean, taldea utzi egingo zuela esateko. Askok negarrez amaitu genuen. Aita baten modukoa izan da guretzat, eta asko arduratu izan da beti gutaz. Ni beragaz hasi nintzen lehen taldean.

Urte ederrak egin zenituzten bere aginduetara.
Igoera fase bat jokatu genuen, gero beste bat… Hainbat urtez gertatu ez zena gertatzen hasi zen. Loraldi bat gertatu zen. Konturatzen zara ez zela joko kontua bakarrik, gehiago da: taldeko giroa, elkarregaz oso ondo konpontzen garela…

Zelan joan da erreleboa?
Antxon Imaz [lehen entrenatzailea] Joseba Arkarazo eta Maren Ormaetxea daude orain. Trantsizioa ezin hobea izan da, nik pentsatzen nuena baino hobea, egia esanda. Tabirako barrutik eta oso ondo ezagutzen dutenak dira.

Taldea utzi duen beste bat Marina Maurtua da.
Erreferente bat izan da, lider bat. Marina goian zegoen, eta besteok beherago geunden. Ahal dugunean, beragaz egoten gara, eta gure partiduak ikustera etortzen da.

Eta nork ordezkatu du liderra?
Bere papera hainbaten artean banatu da. Orain Nuria Maurtua da taldeko kapitaina, Marinaren ahizpa.

Zuri eta taldean urte batzuk daramatzazuenoi erantzukizun gehiago hartzea egokitu zaizue?
Apur bat, bai. Azkenean, urte batzuk daramatzat taldean. Pare bat kenduta, ni eta beste batzuk gara taldeko nagusienak. Normala den moduan, igotzen diren gazteek dudak dituzte eta galderak egiten dizkizute. Orduan konturatzen zara lehen baino pisu handiagoa daukazula taldean. Prozesu natural bat izan da. Gustatzen zait, pozik nabil.

Norengandik ikasi duzu?
Izen bat esan behar badut, garbi daukat: Marina Maurtua. Talde nagusira batzen zarenean konturatzen zara norberak eman behar duela berea, ez duela beste inork egingo zure ordez, eta nire prozesu edo garapen horretan Marina oso garrantzitsua izan da.

Zelan dago harrobia? Gazte berriak batu dira taldera?
Hiru jokalarik debutatu dute eta oso ondo moldatu dira. Iaz Antxon eta Maren izan zituzten entrenatzaile eta hori lagungarria izan da. Esaten diezuna kontuan hartzen dute eta ikasteko gogoz etorri dira.

Eskolta da zure postu naturala, baina aurten beste postu batzuetan aritzea egokitu zaizu.
Bai. Zorte txarra izan dugu. Jokalari batzuk belaunetik txarto dabiltza  eta joko antolatzaileak dira. Antxonek bere konfiantza eskaini zidan joko antolatzaile aritzeko, eta horretan aritu naiz.

Gustura zabiltza?
Hasieran ni postu horretan ez jartzeko esan nion entrenatzaileari. Baina, egia esanda, partiduak aurrera joan ahala, gero eta gusturago eta hobeto sentitu naiz joko antolatzaile postuan.

Zer ikasi duzu postu horretan?
Partiduaren erritmoa eramaten. Aurkariak urduri daudela? Ba, partiduari erritmoa jartzen saiatzen zara. Edo alderantziz. Zure taldeak une bakoitzean zer behar duen baloratu behar duzu. Zenbakietan islatzen ez den lana da.

Jokalari garai askorik ez, eta intentsitatean oinarritu duzue jokoa azken urteetan. Aurten ere bai?
Oraindino joko intentsoago dela uste dut. Beti aurkarien gainean egoten saiatzen gara. Gure hanketan, abiaduran, konfiantza dugu. Garaiera aldetik, ezin dugu besteen kontra lehiatu, eta korrika egiten saiatzen gara. Tabirakoren filosofia dela esango nuke: gogor defendatu eta azkar irten.

Beste behin ere, oso ondo sailkatuta zaudete lauko finala jokatzeko.
Bai. Bigarren tokian amaitzea da helburua, gaur egun Loiola dagoen postuan. Horrela, lauko finala Durangon jokatzeko eskubidea irabaziko genuke eta horrelako partiduak etxean jokatzea, zaleen aurrean, itzela da. Zoritxarrez, lehen itzulian galdu egin genuen Loiolaren kantxan, eta orain garaipen bat aurretik daude. Etxean jokatuko dugun itzuliko neurketak garrantzi handia du.

Gizonen taldea ere bikain dabil.
Ederto dabiltza, lidertzatik garaipen batera. Lehenengo amaituz gero, zuzenean igoko lirateke EBA mailara. Lortu dezaketela uste dut. Oso ondo jokatzen dute eta partidu osoan intentsitate handiz aritzen dira. Talde konpletoa da, errotazioak egitea ahalbidetzen duena. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!