Baduzu txitxiburduntzirako makila?
Elkarteko kide den Kepa arduratzen da horretaz. Makila mordoxka prestatzen ditu Txitxiburduntzi Egunerako. Sua ere berak egiten du. Makila sartzeko orduan, borroka ere izaten da, parrilak ez du denontzat ematen eta. Txandari itxaron behar izaten diogu.
Elkarteko idazkari lehenengo, lehendakari gero, eta, orain, lehendakariorde. Aurten, 35 urte beteko dituzu Alpino Tabirako Zuzendaritza Batzordean. Beste horrenbeste daramatzazu Txitxiburduntzi Eguna antolatzen?
Azkenaldian, gura nukeena baino gutxiago. Baina saiatzen naiz joaten. Domekan 37 urte izango dira Txitxiburduntzi edo Basokoipetsu Eguna antolatzen dugula. Ehundik gora lagun batzen gara, eguraldi onagaz gehiago. Harrera oso ona du.
Errotutako ohitura da zure ustez?
Bai. Azken urteetan ohitura indartu egin dela esango nuke. Durangon ere indartsu dago. Lehen, baserrietan, auzo batzuetan... eusten zioten. Herri batzuetan ere bai. Iurretan, adibidez.
Inauterien iragarle izaten da. Mozorro zalea zara zu?
Lehen gehiago! Ez daukat mozorrorik prest, baina jantziko dut zerbait. Sanfaustoetan ere animatzen gara.
Nondik datorkizu mendirako zaletasuna?
Aita mendizalea zen. Beragaz hasi nintzen mendira joaten; perretxiko bila laguntzen nion. Gerora, lagunekin joan naiz, kuadrillan. Denok Alpino Tabirako bazkide izanik, zapatu-domekero joaten ginen. Hemen inguruan lehenengo. Gero, Pirinioetara eta Alpeetara. Mont Blanc-en (Frantzia) eta Italian ibili izan naiz.
Zer ematen dizu mendiak?
Asko! Mendira joateak lasaitasun handia ematen dit, bakea. Mendiaren aitzakian, hainbat toki ezagutu ditut, jende asko ere bai. Urteetan elkar ikusi barik egon garen lagunak, mendian egiten dugu sarritan bat.
Belaunaldi berriengan ikusten duzu zaletasunik?
Aspaldi batean ume piloa dabil mendian, eta eurei galdetuta, asko gustatzen zaiela diote. Gero eta ume gehiago dira bazkide. Guraso Taldea ere badago Alpino Tabiran, orain hiru urtetik hona, umeekin egiteko irteerak antolatzen dituena. Guraso eta bazkide dira, eta behar dutena eskura jartzen die elkarteak.
Badago, beraz, umeen artean mendizaletasuna bultzatzeko trikimailurik.
Beste jolas batzuekin animatu behar dira umeak mendira joatera. Gurasook zerbait asmatu behar dugu, aspertu ez daitezen. Hori bai, ezin dituzu umeak mendira joatera derrigortu. Kontua ez da mendiari ernegua hartzea. Txitxiburduntzi Eguna edo Elkarte Jaia aukera onak dira umeentzat.
Euskaldunak oso mendizaleak garela diote. Egia da?
Bai. Euskal Herrian federatu lizentzia asko daude. Oso menditsua ere bada gure ingurua. Durangon, mendizalea izan ez arren, mendia hain hurbil edukita, erraz sortzen da mendi buelta egiteko gogoa. Madrilen bizi den lehengusu bat Urkiolan geratzen da Durangora datorren bakoitzean, Hiru Gurutzeetan, Anbotoko mendilerroa ikusteko. Horrelakorik ez dagoela dio.