“Gorputzaren bitartez adieraztea errazagoa da guretzat. Eta hori nola egin? Gu geu sentimendu bihurtzen”

Karolina Suarez 2019ko ots. 22a, 11:00

'Etxerako giltzak' 40 Minutu Rock-eko sentikaria plazaratuko dute  gaur, 22:00etan, Landako Gunean. Uribarri Atxotegik eta Ane Gabilondok gogotsu hartu dute erronka, dantzari profesionalak izan ez arren. Mikel Urdangarin, Miren Amuriza eta Nerea Ibarzabal ariko dira euregaz batera.

Zer da 'Etxerako giltzak' ?
Ane Gabilondo: 40 minutuko sentikaria da. Hartutako erabaki batetik aurrera, pertsona baten bizipen guztiak azalduko dituen lana. Sentikaria diogu, istorioak sentimenduetatik abiatuta kontatuko ditugulako.
Uribarri Atxotegi: Hainbat artistaren laguntzagaz, sentimenduak mugimendu bihurtu ditugu. Dantzaz aparte, musika eta letrak oso presente egongo dira.

Sentimenduak aipatu dituzue.
U.A.: Bidaia bat da. Euskal preso politiko baten ibilbidea kontatzen duen bidaia. Lau multzo ditu: erabakia, klandestinitatea, kartzela eta etxera buelta. Orduan, ez genuen bloke bakoitzeko sentimendu bat islatu gura. Etsipena dago kartzelan, eta babesa sentitzen duzunean, maitasuna, adibidez.
A.G.: Hala ere, dantza sortzerako orduan, sentimendu bakarretik abiatu gara atal bakoitzeko.

Isolamendua, atsekabea... agertoki gainean islatzea korapilatsua dirudi.
A.G.: Zaila da. Guk mugimenduak kontrolatzen ditugu, ez gara aktoreak. Gorputzaren bitartez adieraztea errazagoa da guretzat. Eta hori nola egin?  Gu geu  sentimendu bihurtzen.
U.A.: Inprobisazioa oso garrantzitsua izan da. Guztia larregi pentsatu beharrean, mugimendu batzuk hartu ditugu gidalerro. Irten zitezkeen gauzak lanean barneratzeko.

Bizipen horiek publikoak ere sentitzea al da asmoa?
A.G.: Hori da helburu nagusia. Lortuz gero, ondo egindako lana izango da. Eta gertatuko da. Preso baten bizitza da, azken batean. Errusiar mendi bat.
U.A.: Ez da zertan modu berdinean izan. Urduritasuna eduki genezake eta publikoak beste zerbait sentitu. Kontua publikoaren barruan zerbait eragitea da.

Zer suposatzen du gai honen inguruko sorkuntza lan bat egiteak?
U.A.: Fikziozko obra bat da hau guretzat, errealitate bat asko eta askorentzat; hori ezin dugu ahaztu.
A.G.: Hau guztia muntatzeko, dokumentazio lan handia egin da. Gotzon Barandiaranek bibliografia handia bidali zigun; preso eta erbesteratuek idatzitako poemak, elkarrizketak… Lekukotza asko ezagutzeko aukera izan dugu.

Hortaz, erronka handia izan da.
A.G.: Bion izenean egingo dut berba. Dantzari dagokionez, inoiz egin dugun ariketarik handiena da hau. Sekulako erronka.
U.A.: Dantzari lana baino gehiago izan da. Sormen lana egin dugu. Erantzunbehar handia da hori.
A.G.: Eta errespetua. Interpreteak gara gu. Kontatzen gabiltzana ez dugu bizi. Errealitate bat fikzioan irudikatzen dugunez, errespetu handiz gabiltza lanean. Beti.

Emanaldiko protagonistak zaretela esan daiteke.
U.A.: Narratzailearen papera daukagu eta horrek erantzukizun handia du. Sorkuntza prozesu propioa izan da eta lan handia da hori. Obran, kide bi gehiago besterik ez gara.
A.G.: Gu ez gara protagonistak. Momentu bakoitzeko sentimenduek, egoerek, daukate garrantzia. Pertsona asko edota bakarra izan gaitezke. Sentimendu asko edota bakarra. Bi pertsona egongo dira agertoki gainean, baina ez dira Uribarri eta Ane izango. Ipuin bat baino korapilatsuagoa den zerbait azaltzen saiatuko gara.

Nolakoa da Gotzon Barandiaranen gidaritzapean lan egitea?
U.A.: Koordinazio lanak egin ditu Gotzonek. Arriskatzera animatu gaitu, istorioa muturrera eramatera. Oso garrantzitsua izan da hori. Askatasun handia eman digu hasieratik. Gure kontura ibili gara, musikak ere guk aukeratu ditugu eta guk egin ditugu koreografiak. Askatzailea izan da oso.
A.G.: Berak dioen moduan: “Jendeak negar egin behar badu, iluntasunean sentitu behar bada, ba, aurrera”. Azken finean, herri hau erresistentzian murgilduta egon da. Gogor egoten eta mantentzen. Espazio gutxi eman diogu gertatu dena sentitzeari. Guk gura dugun sakontasuneraino joateko aukera izan dugu. Horrek sentimendu ilunagoak eragiten baditu, aurrera.

Zergatik joan behar da jendea 'Etxerako giltzak' ikustera?
A.G.: Gehien sentiaraztea eragin ahal digun erreminta da artea. Interesgarriena gazteak joatea da, errealitate berdina beste modu batean salatu edota ikustarazi ahal dugula ikusteko. Betiko moldeak aldatzeko aukera da, potentziala eta aukerak ditugu.

Gaurko emanaldia ikusteko beste aukerarik egongo da?
U.A.: Ikusteko dago zelako harrera izango dugun. Talde handia gara. Baina posiblea da. Primeran funtzionatzea espero dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!