Rosa Maria Trinidad Stop Accidentes elkarteko presidentearen esanetan, distrakzioa da auto istripuen gehiengoaren atzean dagoen kausa, eta sarritan mugikorra erabiltzeagatik izan ohi da. Gainera, joera gorantza doala dio. Iaz, erkidegoan 42 lagun hil ziren errepidean, eta horietatik 3 mugikorraren erruz izan zirela uste da. Baina, Trinidaden iritziz gehiago izan litezke. "Zaila da jakitea zenbatek galdu duten bizia mugikorraren erruz". Berak emandako datuen arabera, telefonoari kasu egiterakoan seinaleen %40 galtzen du gidariak.
Bestalde, istripuak eta "errepideko biolentzia" bereizi gura izan ditu. "Istripuak saihestezinak dira, baina errepideko biolentzia ez". Gidariek arduragabekeriz jokatzen duten kasuak sartu ditu bigarren zaku horretan, mugikorragaz bezala, alkohola edo drogak kontsumituta gidatzen dutenak adibidez.
Miguel Angel Gomez garraio diputatuak adierazi du horrelako kanpainetan elkarlana sustatzen dutela, eta Bizkaibusen segurtasuna lantzea dela euren ildo nagusia. Hain zuzen, erabiltzaileek gehien baloratzen duten faktorea ei da segurtasunarena. Autoan, mugikorra ez erabiltzeko deia egin dio gizarteari.