“Musikari profesionala izateko prestatzen naute Musikenen; nire bizitzako abenturarik handiena da”

Karolina Suarez 2019ko ots. 15a, 13:30

XXII. Jam Sessiona egingo da gaur, 21:30ean, Plateruena Kafe Antzokian. Gonbidatuen artean, Irati Bilbao (Durango,1992) abeslaria izango dugu. Abesti propioak kantatuko ditu, eta bere proiektu pertsonalaren abiapuntua izango da. Aukera izaten duen guztietan joaten da bat-batekoetara.

Zer ikusi ahalko da gaur Plateruenako Jam Sessionean?
Proiektu propioagaz nabilen lehen aldia da. Nireak diren letrak abestuko ditut, lehenengoz, eta horien aurkezpena izango da. Garrantzitsuena Jam Sessiona da. Hori zabaltzeko gonbidatzen gaituzte, jendeak parte hartu dezan.

Garrantzitsua al da Durangon Jam Sessionak antolatzea?
Jam Sessiona zer den jakiteko eta parte hartzeko aukera izateak badu garrantzia. Pedagogikoa da oso.

Behin baino gehiagotan aritu zara antzokian. Eroso sentitzen zara bertan?
Euskal Herriko toki gutxitan antolatzen dira bat-batekoak. Durangok horrelako antzoki ederra izatea eta Jam Sessionak edukitzea oso inportantea da. Bertako soinua paregabea da; beste askotan jo dut eta puntakoa da hau.

Durangoko Bartolome Ertzillan hasi zenituen musika ikasketak. Nola hasi zinen kantuan?
Musika tresnen artean, zeharkako flauta aukeratu nuen. 16 urteren bueltan Pink Floyd bertsionatu genuen eskolan. Flauta jo behar nuen nik, eta nola-hala, abesten amaitu nuen. Hortik, rock bertsio talde batean hasi nintzen, eta, gero, Sweet Margoten Mikel Nuñezegaz batera.

Zenbait musika proiektutan zabiltza. Zeinetan zaude erosoen?
Musika talde bakoitza oso ezberdina da: Gospel Six, Josu Bergara eta akorde txikiak, Sweet Margot eta Xahu.  Estiloa edozein dela kantuan banabil, beti sentitzen naiz eroso. Hala ere, jazzean indarra hartzea gustatuko litzaidake.

Azkenekoz, Ekurugaz aritu zinen eta antzokia bete zenuten. Zein da  taldearen aurtengo asmoa?
Proiektuak aurrera darrai, eta azken kontzertua Zornotzan egin genuen. Ideia berriei bueltak ematen gabiltza orain.

Zein izan da Musikenen ikasketak burutzeko bizi behar izan duzun prozesua?
Zorte handia izan nuen. Mikel Nuñez Sweet Margoteko pianistak teoria aldetik lagundu zidan, eta Carla Sevillak, kantuan. Prozesua bizitzeko gogoa nuen. Buru-belarri hasi nintzen eta hemen nago orain. Musikari profesionala izateko prestatzen naute bertan; nire bizitzako abenturarik handiena da.

Ze aukera ematen ditu Musikenek?
Instituzio oso garrantzitsua da. Espainiar estatuan, hiru kontserbatorio baino ez daude, eta horietako bi Euskal Herrian. Ikasketa bakoitzeko plaza bi daude, eta, beraz, gutxik jasotzen dugu formakuntza. Lan munduari begira garrantzia du horrek.

Ze aukera daude jazz kantuan formakuntza izateko?
Gauza berezi bat gertatzen da musika modernoagaz. Goi mailako ikasketak daude, baina ez dago horra heltzeko prestakuntzarik. Denbora gutxian aldatuko dela uste dut; badago eskaria eta horrek balioa du. Oraingoz, eskola pribatuak baino ez daude irakasle pribatuekin.

Badu garrantzirik hizkuntzak jazza abestean?
Eduki beharko luke. Abeslari moduan, esaten zabiltzanaren ehuneko handi bat da hizkuntza. Esaten zabiltzana ulertu egin behar da, eta, beraz, ondo esaten saiatu behar duzu, eta entzuleari ondo transmititu. Ingelesez sentitzen naiz erosoen, musika gehiena ingelesez entzun dut beti eta naturalena iruditzen zait horrela abestea.

Zein da jazzaren etorkizuna Euskal Herrian?
Proiektu interesgarri asko daude. Euskal Herrian jazzak presentzia handia dauka. Kontserbatorio bi ditugu: Iruñean eta Donostian. Gutxiengoa gara, baina geroz eta gehiago gabiltza jazz proiektuetan. Durangokoaren antzeko Jam Sessi-on gehiago behar dira; jotzeko erraztasunak behar ditugu.

Zer da jazza zuretzat?
Askatasuna eta sorkuntza da. Norberak bere erremintak ditu eta horrek libre egiten zaitu kantuan. Oso bizirik dagoen zerbait da jazza, entzuleek berdina sentiaraztea gustatuko litzaidake.

Erreferentzia musikalen bat aipatzekotan?
Erreferente asko ditut, horien artean klasikoak asko eta estilo ezberdinetakoak. Gregory Porterren dotorezia, Ella Fitzgeralden swinga eta Freddie Mercury edo Aretha Franklinen eszenaratzea.

Etorkizunerako, ze beste proiektu daukazu? Ze gogo duzu?
Kantatzetik bizitzea gustatuko litzaidake. Asko pozten naiz musikariek deitzen didatenean, izan ere, euren abestiak nik kantatu gura izatea opari bat da niretzat. Bestalde, nire konposizioekin hasteko ere badaukat gogoa. Ezin hobea da proiektu propioetan aritzea, baina, ez dut hori bakarrik gura.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!