Zerk eraman zaituzte horrelako bidaia bat egitera?
Haira Urquijo: Ikasketak amaitu ostean, eta lan munduan sartu aurretik, horrelako bidaia bat egitea erabakita genuen. Bioi asko gustatzen zaigu bidaiatzea, eta paisaiagatik eta dauden parke naturalengatik erabaki genuen AEBetara etortzea. Oso zainduta daude, ibilbide piloa dago trekking-a egiteko, eta mendia asko gustatzen zaigu. Primeran antolatuta dago, gainera; parke natural guztietarako urte osoko baimena lortu daiteke. Kanada eta Mexiko gomendatu dizkigute; eta Alaska, nola ez!
Daniel Cuevas: AEBetan parke natural bakoitzak bere klima du, bera paisaia. Herrialde desberdinak ikustea lakoa da. Yosemite kostaldetik 500 miliara dago, eta hego-ekialdera 200 milia eginda, desertua dago. Batean, 30 gradu izan ditugu, eta bestean, 25 zero azpitik. Lurralde eremu txikian klima guztiak daude. Dena duzu.
Hala ere, orain, Mexikon zaudete. Erdialdeko Amerika ezagutzeko aprobetxatuko duzue?
H.U.: Zoritxarrez, ez, Alaskara heldu gura dugu eta. Denbora gehiago edukiz gero, Panamaraino jaitsiko ginateke, eta Costa Rica ere ezagutuko genuke.
Bidaiatzen daramazuen tarte honetan, zer egin zaizue deigarrien?
H.U.: Yosemiteko mendiak, Sequoiako arbola erraldoiak, Kalifornia Beherean aurkitutako hondartzak eta Mexikoko herri kolonialak. Mexikarren eskuzabaltasuna ere aipatu gura genuke, jende oso jatorra aurkitu dugu eta. Bidaia osoan zehar ikusitako animalia guztiek ere harritu gaituzte.
Galtzeko beldurrik barik joan zarete. Ezagutu duzue bertan galtzeko gogoa ematen duen lekurik?
D.C.: Edozein parke natural da ona bertan galtzeko. Yosemite, Sequoia… Bestalde, Kalifornia Behean eta Mexikon, Bahia Concepcion eta Mar de Cortes leku onak dira denbora luzez galtzeko.
Zenbat kilometro geratzen zaizkizue?
H.U.: Oso zaila da horri erantzutea. Abuztuan Alaskara heldu gura dugu, eta urtebeteko abentura izanik, denboraz apur bat larri gabiltza… Mexikotik AEBetara igo gura dugu berriro, Zian eta Yellowstone parke naturalak eta Arroila Handia ikusteko. Hil honen amaieran heldu gura dugu. Gero, Kanadara eta Alaskara joan gura dugu. Urtea Kanadan dauden lagun batzuekin amaituko dugu. Sagarrak batzen lan egingo dugu, diru apur bat irabazteko.
Errepikatzeko moduko esperientzia izaten ari da?
H.U.: Errepikatuko genuke, noski! Baina, beste era batera antolatuta. Munduan zehar bizikletan hiru urteko bidaia egin duen emakume baten liburua irakurtzen ari gara eta izugarrizko inbidia eman digu. Bizikletan bidaiatu duten pertsonen hainbat berbalditan ere egon gara. Hurrengo bidaia bizikletan egingo genuke.