Martxoaren 8ko asanbladak argazki jendetsua atera gura du domekan, Durangoko emakume guztiak grebara deitzeko

Jone Guenetxea 2019ko ots. 15a, 13:00

Martxoaren 8a gerturatzen ari da eta Durangaldeko hainbat herritan asanbladak martxan dira. Durangon hiru batzar antolatu dituzte dagoeneko Andragunean. Prentsa ohar bidez azaldu dutenez, "emakume andana" joan da egindako batzarretara. Hurrengo bilerak otsailaren 20an eta martxoaren 3an izango direla aurreratu du koordinazio taldeak.

Bestalde, domeka honetan, Andereak elkarteak emakumeen aurkako bortizkeriaren kontra antolatutako flashmob-aren ostean argazki jendetsua aterako dute, grebari bultzada emateko.

Durangoko asanbladan lantaldeak finkatuta dauden arren, parte hartu gura duten guztientzat ateak oraindik zabalik daudela gaineratu dute. Joan zen barikuan, kartelak jarri zituzten herrian, grebaren berri emateko. "Hasi da, beraz, greba feministaren irudia Durangoko kaleak hartzen", azaldu dute asanbladakoek. Bestalde, joan zen barikuan txokolatada informatiboa antolatu zuten. Batzar horretan, ordura arte agertu ez ziren kolektiboetako 40 emakume bildu ziren. Lanerako prest dagoena grebafeministadurango@gmail.com helbidean jarri daiteke  harremanetan asanbladako kideekin.

Durangaldea martxan
Zaldibarko asanbladako kideak otsailaren 24an batuko dira, 18:00etan, liburutegi zaharrean. Zornotzan ostera, otsailaren 20rako egin dute deialdia, 19:30ean, Zelaietako auditorioan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!