Zelan doa aurkezpen bira?
Lehen kontzertua [Gasteizen] oso sentsazio onekin jo genuen eta garrantzitsua izan zen hori, denboraldi bat zuzenekorik eskaini barik generaman-eta talde moduan, eta batzuetan kosta egiten da berriro martxa hartzea. Uste dugu jendeak gogotsu hartu dituela disko eta kantu berriak. Horrela ez balitz ere, guk geurea egitera jotzen dugu beti, eta agertokietara itzuli bagara, kantu berri hauek zuzenean aurkezteko gogoa dugulako da.
Hedabideetan ere kritika onak jaso dituzue.
Asko eman diogu diskoari, baina badirudi diskoak ere asko emango digula guri. Prentsaren aldetik, eta hedabide espezializatuen aldetik ere, oso erantzun ona jasotzen gabiltza, eta ea kanta hauek ere bere egiten dituen jendeak, eta ea jende bategaz konektatzen dugun. Gu harro gaude egindako lanagaz, eta horixe da garrantzitsuena. Hortik aurrerakoa ez dago gure esku.
Soinu batean biltzen dira lan berriko abestiak.
Gure diskoetan, hasieratik bilakaera bat zentzu horretan. Disko osoagoak dira, nire ustez. Hasieratik, disko honek zentzu bat izatea gura genuen. Kanta batzuk ondo egon zitezkeen, baina kanpoan utzi ditugu, ez zirelako ondo sartzen. Kantu solteak egin barik, lan oso bat egin gura izan dugu. Raul Perez ekoizleak ere asko eman dio soinu aldetik, kantuak batu egin dira hor eta. Aurreneko diskoak kanta bildumak ziren gehiago. Aurri Gara diskoaren koherentzia eta trinkotasun hori topatzera joan ginen, eta azken honetan zeharo jo dugu horretara, baita hitzekin eta diseinuagaz ere, guztia borobildu guran.
Aurreneko diskoak kanta bilduma bat ziren gehiago; ‘Dena Oskol’-en koherentzia topatu gura izan dugu”
Beraz, singleen garaiotan korrontearen kontra.
Ez dakit hori den. Orokorrean, gure senari edo gogoari jarraitzen diogu. Guri diskoak entzutea gustatzen zaigu, eta, egiterako orduan, disko osoak egitea, zortzi-hamar kantako lan osoak, atzean narratiba edo ideia bat dutenak.
Abesterakoan ere, abesteko modua aldatu duzu. Erosoago sentitzen zara horrela abesten?
Kantatzen hasi nintzenetik, etengabea da prozesu hau eta uste dut inoiz ez dudala amaituko. Nire ahotsaren bilaketa etengabean nabil, eta, egia esan, gero eta grabeagoetara edo tesitura apalagoetara jotzen dut, hainbeste apaindurarik barik, eta gero eta erosoago sentitzen naiz horrela kantatzen dudanean.
Hitzek intimistak izaten jarraitzen dute, baina kutsu soziala duela edo 'gu' batetik hitz egiten duzuela esan daiteke?
Beharbada ez ginen horren bila joango, baina horrela da. Aurri Gara oso barrurako diskoa izan zen, barruan nituen galderak eta sentsazioak kanporatzeko, askatzeko beharretik sorturikoa, eta Dena Oskol, ostera, kanpora begirakoa da gehiago, gizartean ikusten dudanaren argazkiaren parekoa. Gauza intimistak ere badauden arren, orokorrean, 'gu' batetik idatzita edo 'zuei' batzuei idatzita dago.
Sevillara jo zenuten grabatzera.
Abestien hezurdura prest genuenean, non grabatu begiratzen hasi ginen. Urruntasun bat bilatzen genuen, eta Sevillako Raul Perezen La Minak horixe eskaintzen zigun. Isolatuta egon gura genuen grabaketak iraun bitartean, eta horrela egon ginen grabazioko zazpi egunetan, %100 diskoan barneratuta. Musika eta grabazioa ulertzeko duen moduagatik ere jo genuen Perezengana. Kantuak oso lotuta eraman genituen hemendik, baina, soinu aldetik, Perezek askatasun osoa izan du gure kantuen interpretazio bat egiteko. Guretzat oso esperientzia aberasgarria izan da.
"Taldearen filosofiak eta inertziak eraman gaituzte diskoa geuk egitera; horregatik sortu dugu Erraia kolektiboa”
Erraia kolektibopean kaleratu duzue, autoekoizpenera joz.
Taldearen filosofiak eta inertziak geuk egitera eraman gaituzte, baina ez genuen gura geuk bakarrik egitea guztia. Gasteizko musikari lagunekin ikusi genuen bazegoela interes bat batzeko, eta Montaukegaz eta Joseba B. Lenoirregaz elkarlanean sortu dugu Erraia kolektiboa.
Montaukegaz batera arituko zarete Plateruenean. Proposamen ezberdin bi izatera, eta euskaraz, merezi duen arreta eskaintzen zaizue komunikabideetan?
Ez dakit merezi duen arreta ematen zaion ala ez. Hori oso zaila da neurtzen, eta, gainera, batzuetan negarkerietara jotzen dugu eta ez da komeni. Nik gurago dut lanean jarraitu. Oso pozik goaz Plateruenera, asebeteta utzi gaituen disko bategaz goazelako, eta baita gure lagun, hirikide eta zigilukide diren Montaukeko kideekin goazelako.