Gaixotasun luze baten ostean atzo hil zen Jose Lores, 72 urterekin. Duranguesa elkarteko txirrindulari gazteen entrenatzaile eta hezitzaile izan zen 35 urte baino gehiagoan. “Gorputz eta arima jardun zuen horretan. Bere pasioa harrobia lantzea eta babestea zen, bai mutilena eta bai neskena. Durangar askok ikusiko zuten Tabira ingurutik milaka itzuli ematen bere lagun Jose Alcibarrekin batera. Beti baikor eta umoretsu, klubeko edozein ekintzetarako laguntza eskaintzen lehenengoa izaten zen”, gogoratu dute Duranguesa elkartekoek ohar batean. “Gaur eguneko zuzendaritzak Jose Loresek hainbeste defendatu eta babestu zuen harrobiari lehentasun osoa ematen jarraituko du”, adierazi dute.
Orain urte bi, Duranguesa elkarteak omendu egin zuen Jose Lores San Agustin kulturguneko ekitaldi batean.
Hileta-elizkuna gaur, 19:00etan, izango da Durangoko Andra Mari elizan.