“Gustatzen zait bezeroekin euskaraz jardutea; nire lehen berba euskaraz da beti”

Aitziber Basauri 2019ko ots. 4a, 09:30

Arrasaten bizi da Basit Naveed (Pakistan, 1995), baina, astebururo, Durangora joan-etorria egiten du. Bitaño tabernan dabil lanean eta bezeroekin euskaraz du lehenengo berba. 2009an heldu zen Arrasatera Basit, neba-arrebekin eta amagaz, aitagaz elkartzeko. Aitak 15 urte zeramatzan Arrasaten. Orain, Eskozian du familia, eta bera ingenieritza ikasketak egiten ari da Arrasaten, euskaraz.

Bezero asko harrituta geratuko dira tabernara sartu eta zuk lehenengo berba euskaraz egitean...
Bai! Gustatzen zait bezeroekin euskaraz jardutea; nire lehen berba euskaraz da beti. Pakistandik etorritakoa naizen arren, euskara ikasi dut eta inpresio ona ematen du bezeroen artean nik euskaraz egiteak. Bertako  askok ez dakite euskaraz, eta nik euskaraz jardutea, kanpotarra izanik, nabarmendu izan didate, esker onez.

Pozik zaude  dituzuen bezeroekin?
Oso pozik! Bezero oso onak ditugu. Gustura nago eurekin. Bezeroekin hartu-eman berezia sortzen da askotan, eta batzuk lagunak ditut.

‘Nahiz eta etorkina izan,euskara beti bihotzean’. Zeuk idatzia da. Horrela bizi duzu euskara?
Bai! Nire ingurukoekin euskaraz bizi naiz, eta kuadrillakoekin euskaraz egiten dut beti. Atzerriko lehenengo hizkuntza dut euskara; Pakistangoa eta ingelesa dira nire ama hizkuntzak. Ikasi dudan hirugarren hizkuntza izan da euskara. Gaztelania baino lehen ikasi nuen.

Nerabea zinela heldu zinen Euskal Herrira, 15 urtegaz. Nola gogoratzen duzu aldaketa hura?
Lehen hiru hilabeteak gogorrak izan ziren. Kultura desberdin bat, hizkuntza desberdin bat... Pakistanen utzi nituen lagunak gainera. Baina, apurka, ohituz joan, eta eskolan lagunak egiten eta hizkuntza ikasten hasi nintzen. Hala ere, esan behar dut esperientzia ona izan dela bizitakoa.

Hizkuntza ikasita, errazago integratu ziñen herrian?
Bai. Orokorrean, dena egiten zitzaidan desberdina, hizkuntza ere bai. Nerabea izanik, ikasketak ziren nire ardura: zer ikasi. Ez nuen hizkuntza ezagutzen, ez nekien nola antolatu behar nuen. Hori egin zitzaidan gogorrena.

Nola bizi duzu etorkinen eta errefuxiatuen krisia ?
Penagaz eta arduratuta. Nik ez dut errefuxiatuen egoera hori bizi izan. Baina benetan gogorra da leku berri batean zure tokia topatzea.

Badaukazu berriro ere Pakistanera bueltatzeko asmorik?
Momentuz, ez dut horrelakorik buruan. Ingeniari ikasketak egiten nabil orain, eta datorren urtean baliteke Pakistanera joatea, baina oporretan. Astebete edo hilabete pasatzera. Amari esan diot eta biok joango gara, bisitan. Arrasaten, Euskal Herrian, ondo bizi naiz, gustatzen zait hemengo bizimodua eta nire etorkizuna hemen ikusten dut.

Pakistango zeren falta sumatzen duzu gehien?
Hango janariaren eta lagunen falta.

Berba bitan

Janari bat?
Samusa

Pakistandik ekarriko zenuke...
Lagun bat

Liburu bat?
‘ Yo soy Malala’

Gastronomia pakistandarra ala Euskal Herrikoa?
Biak. Euskal gastronomia ere oso ona da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!