Eibarrek denboraldi konpletoa darama orain arte. Porrotik ez 16 partidutan. Espero zenutena baino hobeto zabiltzate?
Olatz Areitio: Eibarrek aurten apustu sendoa egin du emakumeen taldeagaz. Fitxaketa asko egin dituzte goian ibiltzeko eta igoeraren bila joateko. Beraz, ondo ibiltzea espero genuen.
Fitxaketak nondik etorri dira?
O.A.: Euskal Herriko jokalariak dira, batez ere. Real Sociedad klubeko lehenengo taldetik jokalari asko etorri dira. Bilbo inguruko beste batzuk, Iruñekoren bat… horiexek. A, eta japoniar bi!
Hainbeste fitxaketagaz, garesti dago partiduetan minutuak izatea?
O.A.: Lehenengo mailan aritutako jokalari asko etorri dira eta, egia esan, aurreko urteetan baino zailagoa da jokatzea, baina, nire kasuan, banabil jokatzen.
Nahia Larrinaga: Lehenengo taldeagaz entrenatu eta, normalean, bigarren taldeagaz jokatzen dut. Momentuz, partidu bi jokatu ditut lehenengo taldeagaz.
Nagusiekin entrenatzeak laguntzen du jokalari moduan hobetzen?
N.L.: Bai, dudarik barik. Beste erritmo eta intentsitate bat egoten da.
Nahia, zu aurrelaria zara. Zelan zabiltza atearen aurrean?
N.L.: Hamaika gol daramatzat denboraldi erdian. Alde horretatik, pozik nago.
Aurrelaria goletik bizi da?
N.L.: Apur bat, bai. Taldeari golak eman behar dizkiozula pentsatzen bizi zara. Azkenean, golen kontua boladaka joaten da sarritan, baina badaude beste modu batzuk ere taldeari laguntzeko.
Olatz, zuk denetarik bizi izan duzu Eibarren: igoerak, jaitsierak… Kontaguzu.
O.A.: Gazteen taldean hasi nintzen, eta urte bi eman nituen han. Liga bat irabazi genuen. Orduan Eibar Superligan zebilen, Lehenengo Mailan, eta partidu baterako deialdian sartu ninduten. Gero, talde nagusia mailaz jaitsi, eta jokalaririk gehienak joan egin ziren. Orduan, liga irabazi genuen gazte horiek, kolpean, lehenengo taldera igo gintuzten. Bigarren Mailan eta batere esperientziarik barik… Gure intentsitatea, erritmoa eta ezagutza maila beste batzuk ziren. Urte horretan, azken-aurreko geratu eta Euskal Ligara jaitsi ginen. Urte bi eman genituen han. Zelanbait esanda, talde berri bat sortu genuen. Aurreneko denboraldian bigarren geratu eta hurrengo urtean Bigarren Mailara igo ginen. Lau urte daramatzagu maila honetan urterik urtera gero eta gorago geratzen.
Ibilbide luze horretan momentu on bat eta txar bat bereizteko eskatuko banizu, zeintzuk esango zenituzke?
O.A.: Bigarren Mailara igo ginen unea oso ona izan zen. Maila galdu, berriro zerotik hasi eta lan horren uzta jasotzea aupada handia izan zen guretzat. Beste une on bat Ipuruan lehenengoz jokatu genuenekoa izan zen. Normalean, Unbe zelaian jokatzen dugu. Nire kasuan, hiru bider jokatu dut Ipuruan, baina, gehienbat, lehenengo aldia dut gogoan. Orain urte bi izan zen, Madrilgo talde baten kontrako lagunarteko partiduan. Oso motibatuta egon ginen eta irabazi egin genuen. Uste dut kalitateagatik baino, motibazioagatik irabazi genuela. Unerik txarrena? Ez dakit, ba. Beharbada igoera lortu genuen jokalariak, talde hori osatzen zutenak, apurka taldetik joaten ikustea izan da gogorrena. Garai haietako bi baino ez gara geratzen.
N.L.: Nire kasuan, oroimenik ederrena Ipuruan birritan jokatu izana da. Orain urte bi Athleticen kontra Euskal Herriko Kopako partidua nagusiekin, eta iaz Osasunaren aurkako partidu solidario bat. Gainera, Osasunaren kontrakoan gol bat sartu nuen. Unerik txarrena? Iaz azken unean Euskal Ligara igo ez izana. Denboraldian zehar Ligako partidu denak irabazi genituen, berdinketa bi kenduta. Azken partiduan dena genuen jokoan. Gutxienez, berdinketa bat behar genuen. Urduritasunagatik edo, galdu egin genuen eta ez ginen igo. Horixe izan da unerik txarrena.
Ipuruan jokatu izana azpimarratu duzue biok.
O.A.: Azken batean, lehenengo mailako futbol zelai bat da. Osasunaren kontrako partidu hartan, 1.200 pertsona batu ziren harmailetan. Beste inoiz ere ez dugu jokatu hainbeste jenderen aurrean.
Oso gazterik batu zineten biak Eibarrera, 16 eta 14 urtegaz. Kostatu egin zitzaizuen erabakia hartzea?
N.L.: Niri kostatu zitzaidan, hemen nire lagunekin nengoelako. Gurasoekin eta ingurukoekin berba egin eta probatzera animatu ninduten, Eibarren jokalari moduan hobetu egingo nuelako. Orain, pozarren nago Eibarrera joan izanagaz.
O.A.: Durangon, orduan ez zegoen aukera handirik. Abadiño desagertu zenean, Berrizera joan nintzen, baina Berrizen ere jendea falta zen azken urteetan. Eibarko aukera sortu zenean, ez nuen pentsatu eta zuzenean joan nintzen hara. Gaur egun, Eibarren egotea etxean egotea modukoa da niretzat.
Exigentzia maila handia dagoela sumatzen duzue?
O.A.: Nire lehenengo urteetan, ez hainbeste. Seguruenik, gizonen taldeak exigentzia maila handiagoa izango zuen. Baina, azken urteetan, gure exigentzia maila handitu egin da. Gero eta helburu gehiago bete behar dira, kanpora begirako irudia ere gehiago zaindu behar da…
Emakumeen eta gizonen futbolaren artean alde handia dago oraindik. Desoreka berdintzeko, hainbat kontu aldatu behar dira, baina bide horretan zeintzuk dira zuen ustez lehentasunak?
O.A.: Emakumeen futbolean eta kirolean, bisibilitatea gehiago landu daiteke. Oso garrantzitsua da. Jendeak ezagutzen ez bagaitu, ez da partiduak ikustera etorriko.
Berrizen entrenatzen zarete orain. Zergatik?
O.A.: Azken urteetan, Ipuruaren ondoan dagoen zelai artifizialean entrenatu gara. Obrak direla-eta, bota egin dute zelai hori. Unben ez dago talde denentzako tokirik, eta emakumeak Berrizera ekarri dituzte. Emakumeen hiru talde hantxe entrenatzen gabiltza. Berrizen ez dugu Eibarren geneukan moduko gimnasioa, esaterako. Gure prestatzaile fisikoak gimnasio moduko bat antolatzen du, baina kalean eta hotzetan. Zelaia Berrizko taldeekin partekatu behar dugu. Ez da erraza, ez guretzat, ez Berrizentzat.