Mugikortasun mugatua dutenentzat alternatibak eskatu dituzte Durangoko pentsionistek eta Herriak

Markel Onaindia 2019ko urt. 31a, 10:10

Durangoko pentsiodunen mugimenduak eta Herria auzo elkarteak mozio bateratua aurkeztu zuten martitzeneko osoko bilkuran, mugikortasun mugatua dutenentzat alternatibak eskatzeko. Diotenez, herritar batzuek zailtasunak dituzte herriko osasun zentroetara zein beste zerbitzu batzuetara joateko, eta sarritan kostu ekonomikoa ekartzen die horrek.

Horregatik, aukera bi ipini zituzten mahai gainean: pertsona horien garraioa diruz laguntzea eta taxisten kolektiboagaz hitzarmen bat sinatzea, kostu "eramangarriago" bat lortzeko. Mozioa aho batez onartu zuten alderdi politikoek.

Pilar Riosek (PSE-EE) udal gobernuaren izenean adierazi zuen arautegi bat "aurreratuta" dutela, eta taxistekin hitzarmena lotzea falta dela. Orain hiru urtetik dabiltza gaiaz berbetan udalean, eta oposizioak denboran luzatu izanaren kritika egin zion gobernuari. Ion Andoni del Amok (EH Bildu)  gogoratu zuen badirela antzerako auzo-taxi ereduak inguruko herrietan, eta ez dagoela "ezer asmatu" beharrik. Patxi Lopez Lakunzaren (Herriaren Eskubidea) iritziz, zerbitzua martxan egongo litzateke "gobernuak gura balu". 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!