Bi egunekoa izango da 2019ko 40 Minutu Rock

Aritz Maldonado 2019ko urt. 31a, 09:16

Otsailaren 22an eta 23an ospatuko da elkartasun jaialdia. 'Elkartasun Dantzaldia' eta 'Etxerako Giltzak' ekitaldiekin hasiko da. 

Ohiko musika jaialdiaz gainera, bi kultur ekitaldik osatuko dute aurtengo 40 Minutu Rock. Otsailaren 22an, Pirritx, Porrotx eta Marimototxek gidaturiko 'Elkartasun Dantzaldia' ikuskizunarekin emango zaio hasiera elkartasun jaialdiari. Ospatzeko eta aldarrikatzeko aukera egongo da bertan Porrotx pailazoaren arabera. "Euskal Herritik kanpoko espetxeetan dituzte bost haur, eta hamarnaka 'motxiladun haur' daude astebururo ehunka kilometrora dauden kartzeletara bidaiatzen. Horiek gogoan izan gura ditugu". Dantzaldian eragile ezberdinak batuko dira, besteak beste, Angelman Sindromearen elkarteak, mugimendu feministak edota hezkuntza komunitateko kideek parte hartuko dute. 18:30ean hasiko da dantzaldia.

Ostean, 22:00etan, Gotzon Barandiaranek koordinaturiko 'Etxerako Giltzak' ikuskizuna egingo da. Ikuskizun "bakarra" izango da Barandiaranen arabera. "Hutsuneak, distantziak, exilioak... gorputzean eduki duten eraginaz, gorputzekin azalduko dugu. Orain artean ez da horrelako ahaleginik egin". Hain zuzen ere, Ane Gabilondo eta Uribarri Atxotegi dantzari durangarrak izango dira bertan dantzaren bidez narratzaile lana egingo dutenak. Miren Amuriza bertsolari berriztarrak eta Mikel Urdangarin musikari zornotzarrak ere parte hartuko dute emanaldian. 

Otsailaren 23an, ostera, egun osoko musika jaialdia ospatuko da. Landako Gunean arituko dira, besteak beste, Hesian, Nøgen edota Bad Sound taldeak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!