Erakundeen geldotasun eta pasibotasunaren aurrean, Airearen Kalitatearen Aldeko plataformak aro berri bat hasiko duela iragarri du. "Ekintza eta mobilizazioz beteriko aro berri bat" izango dela azaldu dute prentsa oharrean. Irudi logo eta plataformaren izen berria aurkeztu dute: Durangairea.
Durangairea plataformaren helburua eskualdeko airearen kalitatea hobetzea da eta horretarako ezinbestekoa deritzote eskualdean dauden erakundeekin eta erakunde eskudunekin elkarlanean jardutea. "Durangaldeko gizarteko jarrera eraikitzailedun partaide aktiboa izateko asmo irmoarekin beharrezkoak diren ate guztiak joko ditu plataformak, sinergiak sortu eta norabide egokian aurrerapausoak emateko", azaldu dute ekimenaren bultzatzaileek.
Hitzaldiak antolatuko dituztela aurreratu dute plataformatik. Bestalde, Amankomunazgoak ere aurrerapausoak emango dituela iragarri dute. "Baina datuak ez dira informazioa. Ez dira nahikoa eta ez dute egoera errealaren berri ematen, datuak estatistiketarako egokiak ez direnean desagertu egiten baitira". Plataformako kideak zenbait erakunderekin kontaktuan jarriak dira proiektu berri bat abian jartzeko Durangaldean. Hemendik gutxira proiektu honen berri ematea espero dutela diote. Ohiko kontzentrazio eta agerraldi publikoak ere egingo dituzte. Durangairea plataformatik Durangaldeko herritarroi urte honetan egingo diren ekintza ezberdinetan parte hartzeko deia luzatzen dute.