Zure hastapenen inguruan aipatu izan duzu eskubaloiak zuretzat eginiko kirola zirudiela. Zerk erakarri zintuen kirol horretatik?
Jesuitak ikastetxean saskibaloia, futbola eta errugbia probatu nituen, eta, tira, ez nintzen nabarmentzen. Eskubaloiak ez ninduen bereziki erakartzen, baina, lagunak zebiltzanez, probatzea erabaki nuen. Eta ondo moldatzen nintzela konturatu nintzen. Oso ona nintzen! Apurka-apurka kirol berezia bihurtu zen niretzat. Jende asko ezagutzeko eta lagun asko egiteko atea zabaldu dit.
Zure kirol ibilbide laburrean lesioen alde latza bizitzea egokitu zaizu.
Haur-kategorian nenbilela gertatu zen. Nik lesioei buruz pentsatu ere ez nuen egiten. Adin horretako gazte batek zelan pentsatuko du, ba, horretan! Partidu batean belauneko lotailu gurutzatua apurtu nuen.Orduan Euskadiko selekzioagaz ere banenbilen partiduak jokatzen eta Espainiako txapelketara joateko ideia neukan. Ezin izan nintzen joan, jakina. Bost hilabetez mediku batetik bestera ibili nintzen: batzuek ebakuntza egitea gomendatzen zidaten eta beste batzuek horretarako gazteegia nintzela zioten. Azkenean, ebakuntza egin zidaten, Gasteizen. Ebakuntzaren ostean, zortzi hilabete gogor eman nituen errekuperatzen.
Zer irakaspen atera zenuen esperientzia horretatik?
Kirol arloan zein arlo pertsonalean indartuta irten nintzen esperientzia horretatik. Lesio hori izan ez banu, ez nintzen gaur egun naizena izango. Erantzukizunez jokatzen eta eguneroko lanean konstantea izaten erakutsi zidan. Bizitzan helburuak markatzen dituzu eta egun batetik bestera helduko zarela pentsatzen duzu, baina hori ez da errealitatea. Oztopoak bizitzaren parte dira eta eurei aurre egiten asmatu behar da.
Kantxetara itzuli eta zenbatera heldu zen Kukullagaren proposamena?
Ni oraindino kantxetara itzuli aurretik heldu zen. Bizkaiko eta Euskadiko selekzioetatik ezagutzen ninduten.
Etxebarriko taldera batzea pauso bat baino jauzi bat ematea izan zen?
Guztiz. Beste mundu bat zen. Hemen ondo pasatzeko helburuagaz nenbilen, baina Kukullagan ikuspuntu lehikorragoa dago. "Behar den maila emateko kapaza izango ote naiz?", galdetzen nion neure buruari. Horrelako dudak buruan bueltaka egoten dira.
Beheko mailetan hasi zinen.
Kadeteen bigarren mailan hasi nintzen eta azkenengo urte biak gazteen taldean daramatzat.
Noiz debutatu zenuen talde nagusiagaz?
Iaz izan zen, 16 urtegaz. Nagusiekin entrenatzen nenbilen. Ligako azken partidua zen, taldeak ez zuen ezer jokoan eta entrenatzaileak ea deialdian sartu gura nuen galdetu zidan. Nik baietz esan nion, zelan ez! Minutu gutxi jokatu nituen, baina oso gustura sentitu nintzen.
Beste jauzi bat?
Bai, bai. Gazteen mailatik Zilarrezko Ligara hainbesteko alderik ez zegoela uste nuen, baina oso oker nenbilen. Erritmoa, indarra, abiadura… Beste gauza bat da.
Harrezkero, zenbat jokatu duzu nagusiekin?
Kopako partiduak eta aurtengo ligako ia denak. Ez ditut minutu asko jokatzen oraingoz.
Gazteen taldea utzi duzu?
Ez. Honelako asteburuak izan ditut: zapatu goizean partidua gazteekin, arratsaldean nagusiekin, eta domekan, entrenamendua Euskadiko selekzioagaz. Imajinatu! Baina ez da hori bakarrik: ikasketak hor daude, nire lagunak ere badidut, mutil-laguna… Denentzat denbora atera behar! Baina eskubaloian pozik eta nire saltsan nabil, gustuko dudana egiten.
Zeintzuk dira zure indarguneak eta ahulguneak jokalari moduan?
Hobetu beharrekoa, argi eta garbi, defentsako lana da. Ez dut ondo defendatzen, horrela da. Gogo guztia jartzen dut, baina horixe da nire ahulgune nagusia. Erasoko jokoa gustatzen zait. Indargunea? Jokalari argia edo ernea naizela esango nuke.
Durangoko Ibaizabal eskubaloi taldearen gorabeherei jarraitzen diezu?
Bai, joaten naiz partiduak ikustera eta animatzen ditut. Lagunak ditut han. Kirol federaturako saltoa ematean, urtebete inguru eman nuen han eta Ibaizabal nire talde moduan sentitzen dut.