Crowdfunding kanpaina abiatu zenuten disko berriaren grabaketarako laguntza eske. Zelako harrera eduki du?
Harrituta geratu gara gu ere, kanpaina hasi eta bost egunera gutxieneko diru kopurua bilduta geneukan eta. Ez genuen sinesten. Gero, moteldu egin da kanpaina, baina amaiera aldera azken bultzadatxo bat egotea espero dugu [5.300 euro lortu dituzte, eta helburua 3.000 eurokoa zen].
Estudioko hirugarren lana duzue. Zeri buruzkoak dira hitzak?
Orain artean, sekretupean gorde dugun gauza bat izan da, ez genuelako spoilerrik egin gura. Sortu dugun unibertso berri hau entzuleek lehen eskutik ezagutzea gura dugu. Diskoa kontzeptuala da, eta guk idatzi dugun zientzia fikziozko eleberri bategaz batera osatzen da.
Musikalki, ostera, norantz jo duzue?
Orion Child soinuan aurrerapauso bat dela uste dugu. Homogeneoagoa da guztia, baita trinkoagoa ere. Erritmoak irmoak eta oldarkorrak dira, baina melodiek ere badute euren pisua. Zaleei guri beste gustatzea espero dugu.
Diskoa liburu batek ere osatzen du. Nolatan?
Kontatzen dugun istorioa aurreko diskoagaz hasi zen. Aspalditik genuen buruan disko kontzeptual bat egitea. Bigarren laneko ideietako batzuk oinarri hartuta, ideia berriak batu eta forma eman genion. Denboragaz istorioa hazten joan da, eta sakondu egin dugu. Gainera, Asier Barato lagunaren laguntza eduki dugu istorioa garatzeko. Lan titanikoa izan da, aurretik gutako inork ez baitu horrelakorik egin, baina emaitzak merezi duela uste dugu.
Non grabatu duzue?
Ahotsak Asuako Chromaticity estudioan grabatu ditugu; nahasketak ere bertan egin ditugu, eta baita masterra ere. Bestalde, gitarra eta baxu doinuak gure estudioan grabatu ditugu, Cursed Onion Studiosen. Azkenik, Jonkolek bere kabuz konposatu eta grabatu ditu teklatuak.
2018ko ekainean amaitu zenuten bira, eta hilabete batzuk geroago disko berriagaz zatozte. Inspiratuta zeundeten?
Egia esateko, aurreko biraren azken txanparako hasita geunden material berriagaz lanean. Beraz, lana nahiko aurreratuta genuela heldu gara grabaziora. Hala ere, behar piloa egin behar izan dugu datak bat etortzeko, xehetasunak zehazteko eta kontzeptu zein musika guztia elkarregaz jartzeko.
Disko berri honek zer suposatuko du Orion Childen ibilbidean?
Kontzertuak eskaintzea da beti gura izan duguna, ahalik eta gehien, eta gustatuko litzaiguke disko hau tranpolin bat izatea horretarako. Ekitaldi garrantzitsuren batean aukera izatea gustatuko litzaiguke, gure mugez haratago irteteko.
Metala osasuntsu dagoela uste duzue? Eta Durangaldean?
Sarri esan izan dugu, metalak, musika mailan, osasun bikaina duela. Asko dira gure inguruan sortzen ari diren taldeak, oso maila onekoak, gainera. Beste kontu bat merkatua litzateke. Gero eta zailagoa da jendea kontzertuetara erakartzea, eta arlo horretan guri dagokigu borrokatzea. Durangaldean, orain urte batzuk baino geldoago dago kontua. Lehen, talde gehiago zeuden kontzertuak emateko prest. Hala ere, geldi egon diren taldeetako batzuk martxan jarri dira berriro, eta berriak ere sortu dira, epe laburrean zeresana emango dutenak. Guk gure erritmora jarraitzen dugu, ahalik eta zaratarik gehien ateratzen.
Baduzue biraren bat egiteko asmorik?
On Fire promotoreagaz gabiltza lanean, eta 2019rako hainbat data ditugu lotuta. Hala ere, gehiago lortzeko asmoz gabiltza.
Zerbait gehitzeko?
Bihotzez eskerrak eman gura dizkiegu egiten gabiltzan bide honetan gure alboan egon direnei, eurak barik hau dena ez litzatekeelako posible izango.