Neverseko Julen Rojo, San Antonioko Oier Urigoitia, Jesuitetako Eva Rodriguez eta Maristetako Daniel Irazola zuzendariak agertu dira prentsaren aurrean. Elkarrizketaren aldeko deia egin dute, eta Eusko Jaurlaritzak "konpromisoa" hartu behar duela uste dute, "ekitatezko finantzazioa" lortzeko. "Gure ikastetxeetan jasangarritasuna eta inklusibitatea bermatzeko, eta eskaintzen ditugun zerbitzuei modu egokian erantzun ahal izateko, ekitatezko finantzazioa eta kontzertazio egokia beharrezkoak dira". Horrela, lanerako baldintzak hobetzea eskatu dute. "Itunpeko ikastetxeen eta langileen lan eta ekonomia baldintzak hobetu behar direla onartu eta aldarrikatzen dugu". Kristau Eskolaren balioak ere nabarmendu dituzte zuzendariek.
Kristau Eskolako Durangoko ikastetxe guztiak batuta, 3.000 ikasle eta 300 bat langile hartzen dituzte. Azaldu dute grebak eragin desberdina izan duela ikastetxeen arabera: Neversen langileen %65ek hiru egunetan egin dute greba, San Antonion ez dute greba egin, Jesuitetan gaur DBHn izan da eta bihar eremu osoan, eta Maristetan %60k bat egin du grebagaz.