Moda jasangarriaren desfilea egingo dute Durangoko Berdeago azokan

Markel Onaindia 2019ko urt. 22a, 12:38

Nobedade ugari dakartza aurtengo Berdeago azokak. Iazko ereduari jarraituta, asteburu bitan eta gaiak banatuta garatuko da. Otsailaren 1ean, 2an eta 3an Berdeago Energy izango da, eta 9an eta 10ean Berdeago Nature.

Ingurugiro iraunkortasunaren euskal azokaren zazpigarren edizioa izango da aurtengoa. Sortu zenetik 75.000 bisitari pasa dira bertatik, eta aurten 15.000 eta 20.000 bisitariren artean hartzea espero dutela azaldu du Juan Zubiaurrek, Berdeago antolatzen duen Tazebaez kooperatibako kideak. 100 bat erakusle izango dira, efizientzia energetikoan eta produktu ekologiko zein naturaletan lanean ari diren enpresenak. Gainera, 40 bat berbaldi eta tailerrak egongo dira eskura.

Egitarauko nobedadeen artean, Energy azokan, autoen erabilera konpartituaz eta eraikinetan ezartzen diren eolikoez jardungo dute. Nature azokan, moda jasangarriaren desfilea egingo dute, baita sukaldaritza ikuskizuna eskaini ere. Plateruenak hartuko duen Film Berdea gunean, estreinatu berri den Dantza pelikula eta Kepa Aceroren It's not only ikusi ahalko dira. Azken honek, Senegalen surfa erakusten duen proiektu bat du ardatz. Bestalde, aipagarria da Gune Soziala izenekoa ipiniko dutela martxan lehenengoz, enpresa eta eragileen elkargune izateko.

Aitziber Irigoras alkateak eskerrak eman dizkie antolatzaileei. Bere esanetan, Durango "erreferentzia da ingurumen jasangarritasunaren" aldeko lanean. "Jasangarritasuna bultzatzen jarraitu nahi dugu durangarren ongizatea eta bizi kalitatea hobetzeko". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!