Abesti feministen bidez gazteak inplikatu gura dituzte Durangon

Markel Onaindia 2019ko urt. 18a, 13:03

Abesti feministen lehiaketaren bigarren edizioa aurkeztu dute Durangon, 16 eta 30 urte arteko gazteentzat. Martxoaren 9an izango da finala, Andra Marian egingo den kantaldiagaz. 

Iazko emaitza ona eta gero, lehiaketa mantentzea eta indartzea erabaki dute. "Iaz erakutsitako maila ikusita, sariak ugaritzea pentsatu dugu", azaldu du Pilar Rios alkateordeak eta berdintasuneko zinegotziak. Bakarlari eta bikoteek maila bat osatuko dute, eta taldeek beste bat. Maila bakoitzean, abesti original onenak 600 euro jasoko ditu, eta bertsio onenak 500. Horrez gainera, publikoaren ustez onena denak 500 euro irabaziko ditu. Otsailaren 23ra arte eman ahalko da izena, Andragunean eta m8lehiaketa@gmail.com helbidean. Parte-hartzaileek bideo bat grabatu eta bidali beharko dute. Gero, martxoaren 9an finala jokatuko dute.

Gaur egun nazioarteko hainbat abestitan zabaltzen diren letra matxisten aurrean, berdintasunagaz eta estereotipoen hausturagaz lotura duten kantuak sustatu gura dituzte lehiaketagaz. Riosek esan du gazteak inplikatzea dela helburu nagusia. Gazteen artean erasoen aurkako Herri Akordioa sustatzen ibili izan den Usue Martinez abeslari eta antzezlea da ekimenaren bultzatzaileetako bat, eta adierazi du gazteak gizarte eraldaketara erakartzeko "aukera ona" dela. Musika gustuko duten gazte guztiak parte hartzera animatu ditu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!