Eunate Oregi, 17 urtegaz eskubaloiko Zilarrezko Ligan jokatzen duen durangarra

Joseba Derteano 2019ko urt. 16a, 16:05

Eunate Oregi Euskadiko selekzioarekin.

Etxebarriko Kukullaga taldearekin dabil. Oraintsu, autonomien arteko Espainiako txapelketan parte hartu du Euskadiko selekzioarekin.

Jesuitak ikastetxean eman zituen lehenengo urratsak eta kadeteetan Kukullaga klubak egindako eskaintza onartu zuen Eunate Oregi Bengoetxeak (Durango, 2001). Harrezkero, hiru urte joan dira. 17 urte ditu eta gazteekin ez ezik, talde nagusiarekin ere jokatzen du Zilarrezko Ligan. Batzutan, asteburu berean, talde biekin jokatzea egokitu izan zaio. “Asteburu zoroak izaten dira, baina oso gustura nabil”, aitortu du.

Orain asteburu bi autonomien arteko Espainiako txapelketa jokatu zuen Euskadiko selekzioarekin. Taldeak bi multzotan banatuta egon ziren. Euskadi onenen multzoan aritu zen, baina jokatutako hiru partiduak galdu zituen Madril, Galizia eta Gaztela eta Leon selekzioen aurka. “Ez zen oso ondo joan, egia esanda. Taldean jokalari onak daude, baina ez genuen elkar ondo ezagutzen eta talde izaerak ematen duen plus hori falta izan zitzaigun”, onartu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!