Duela 500 urteko Perura eramango du ikuslea 'La Zanja' antzezlanak

Aritz Maldonado 2019ko urt. 11a, 09:44

Titzina konpainiak hilaren 13an aurkeztuko du bere antzezlan berriena Durangoko San Agustin kulturgunean, 19:00etan.

Nortasun handiko obrak lantzen ditu Titzina konpainiak eta 'La Zanja' honetan ere dedikazio hori islatzen da. Diego Lorca eta Pako Merino Miguel eta Alfredo dira obra honetan, Cajamarcako komunitate bateko alkatea, eta meatzaritza arloko multinazional bateko teknikaria, hurrenez hurren. "Bi kulturen arteko talka erakusten du bien artean garatzen den harremanak. Bestalde, pertsonen handinahia azpimarratu gura izan dugu obra honetan, ikuspuntu ezberdinetatik erakutsita. Lan honetarako dokumentatzeko denbora luzez egon gara antzerako egoera bizi dituzten komunitateetan, eta baita meatzaritza arloko langileekin, eta horrelako egoerek sortzen dituzten jokalekuak erakutsi gura izan ditugu".

Titzinak bost antzezlan sortu ditu 2001.urtetik hona, eta aurreko lauak ere San Agustin kulturgunean aurkeztu dituzte. "Gurea bezalako konpainia batentzako oso garrantzitsuak dira horrelako aretoak" azaldu du Pako Merinok. Urtean 100 emankizun inguru dituzte, eta horien erdiak baino gehiago herrietan izan ohi direla azaldu du Merinok.

Topaklown 2019

'La Zanja' 2019ko denboraldia estreinatuko duen antzezlana izango da. Guztira, 15 ekitaldi ikusi ahalko dira sasoi honetan, besteak beste, 'Preterito Imperfecto' komediaren estreinua edota Topaklown arrakastatsuaren edizio berria. Hain zuzen ere, apirilaren 17tik 21era izango da 2019ko Durangoko klown topaketa. Izen ematea urtarrilaren 15ean irekiko da. Iaz, 6 ordu eskasetan bete ziren 130 plazak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!