18 urteko emakume bat Galdakaoko ospitalera eraman dute eraso sexista jasan eta gero

Anboto 2019ko urt. 2a, 11:34

Emakumeak salaketarik jarri ez duen arren, Ertzaintzak 17 urteko bikotekide ohia identifikatu du eta prozesuak ofizioz aurrera darrai epaitegietan. 

Erasoa Ezkurdi plazan gertatu zen atzo, 8:00etan. Ertzainen patruila bertatik pasatu zenean emakumea aurkitu zuen sudurrean kolpea zuela. Emakumea Galdakaoko Ospitalera eraman zuten. 17 urteko bikotekide ohia identifikatu zuen Ertzaintzak. Emakumeak salaketa jarri ez duen arren, prozesuak ofizioz aurrera darrai epaitegietan. Durangoko Udalak prentsa oharrean gaineratu duenez, emakumea Elorrion bizi da. Bikotekide ohia berriz, Zornotzan. 

Eraso honen aurrean Durangoko Udaleko Berdintasun Kontseiluak eta Berdintasun Batzordeak, aho batez, hauxe adostu dute: Gaitzespena eta arbuioa agertzea emakumearen kontrako indarkeria kasu honen aurrean eta beste edozein motatako indarkeriaren aurrean, dela fisikoa, psikologikoa, ekonomikoa, edo sexuala, dela emakumearen pribatutasunaren kontrakoa. "Gure babesa adierazi gura diogu erasoa pairatu duen emakumeari". Plataforma Feministak, ostegunero,  20:00etan, Andra Marian egiten duen kontzentrazioan herritarrak parte hartzera deitu ditu udalak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!