Migratzaileentzat duintasuna eskatzeko bilkurak egiten hasiko dira Durangon, hilero

Markel Onaindia 2018ko abe. 21a, 10:21

Bizkaia Isilik ekimena Durangora ailegatuko da, hileroko azken eguaztenetan. Lehen bilkura abenduaren 26an izango da, 19:30ean, Andra Marian. Kristautasunagaz lotura duten 10 erakundek sustatu dute ekintza, baina deialdia zabala da. 

Tabira Pastoral Barrutia, Gazteak Tabira, Caritas Tabira, HOAC, CVX, Fe y Justicia Durango, Jesuiten Etxea, San Antonio Santa Rita ikastetxea, Maristak ikastetxea eta San Jose Jesuitak ikastetxea dira bultzatzaileak. Eguaztenean egin zuten aurkezpena. 

Bilkuretan, migratzaileentzat harrera ona eta duintasuna eskatuko dituzte, isiltasunean, zirkuluan jarrita. Migratzaileak, "eurekin zerikusirik ez duten gerren erruz edo eurek sortu ez duten pobreziaren erruz" ihesi joandakoak direla gogoratu dute. Eta, egoera horren aurrean, herritarren elkartasuna erakustea gura dute, baita beste askori "begiak eta bihotzak zabaltzea" ere. "pertsona hauek gehiago baztertzen dituzten legeen aurrean desadostasuna" agertzea ere bada helburua. 

Bizkaian, bilkuretara batzen den bosgarren herria izango da Durango; aurretik Bilbon, Barakaldon, Galdakaon eta Portugaleten egiten izan da. Ekimena Toulusen (Frantzia) jaio zen, 2007an. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!