Durangoko Aramotz auzoa eraberritzeko 4,2 milioi euro inbertituko dituzte udalak eta Jaurlaritzak

Markel Onaindia 2018ko abe. 19a, 13:06

Aurretiaz San Fauston egin lez, Aramotz inguruak aldaketa esanguratsua jasoko du datozen urteetan egingo duten proiektuari esker. Udalak eta Eusko Jaurlaritzak gaur sinatu dute hitzarmena udaletxean. Auzoko etxe zaharrak konponduko dituzte, ingurunea urbanizatuko dute eta erreka desbideratuko dute. Egitasmoak 6,6 milioi euroko aurrekontua du; instituzioek era zuzenean ipinitako 4,2 milioi euroez aparte, auzokideek 2,4 milioi euro ipiniko dituzte. Baina, etxeak berritzeko diru-laguntzak eta bermeak eskainiko dituzte.

128 etxe barnebiltzen dituzten 16 eraikin berrituko dituzte, 50eko hamarkadan sortutako langile auzoan. Udalak 2.178.000 euro inbertituko ditu, eta Jaurlaritzak 2.040.000 euro. Azken honek 1,7 milioi euro emango ditu diru-laguntza zuzenetan etxebizitzak berritu ahal izateko, etxe bakoitzeko 13.000 euro inguru. Iñaki Arriola sailburuak esan du "inor" ez dela proiektutik kanpo geratuko. Horregatik, 21.000 eurotik beherako errentak dauzkaten familien etxeetarako Renove Plan bat zabalduko dute, 566.000 eurogaz. Bestalde, 1,2 milioi euroko berme-funts bat eskura ipiniko dute, auzokideen inbertsioak finantzatzeko; 20-25 urtera bueltatu beharko lukete diru hori. Eusko Jaurlaritzak erkidegoan duen programa baten parte da Aramotzekoa, egoera ahulean dauden auzoak laguntzeko. 

Aitziber Irigoras alkateak adierazi du "pertsona guztiak" kontuan izan gura dituztela euren jardunean, eta gaur aurkeztutako proiektua horren erakusgarri dela. "Inor bazterrean ez uztea da helburua".  Pilar Rios alkateordearen ustez, gakoa da etxeak eraberritzea, kontuan izanda Durangok lur eraikigarri gutxi duela. Eskerrak eman dizkie auzokideei, elkarlanean ibili direlako.

Auzokide batzuk ere aurkezpenera joan dira, eta publikotik esan dute eskertuta daudela proiektua garatzeagatik. Hain zuzen, bizilagunei proiektuari buruzko informazioa eman asmoz, instituzio biek bulego bat zabalduko dute auzoan.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!