Organikoa batzeko 100 kontainer ipiniko dituzte Durangon

Markel Onaindia 2018ko abe. 19a, 09:42

Hondakinak batzeko eta kaleak garbitzeko zerbitzu berria adjudikatu du udalak, eta nobedade nagusia organikoaren bilketa izango da. Herritarrek giltz elektroniko bidez zabaldu ahalko dituzte marroi koloreko edukiontzi horiek, eta borondatezkoa izango da. Cespa enpresari eman diote ardura 10 urterako, urteko 2,7 milioiko prezioagaz. Lizitazioko prezioa %4,25 bajatu du enpresak. Langileak subrogatuko dituzte.

Organikoaren bilketari ekiteko, lehenik informazio kanpaina bat egingo dute udaletik. Izena ematen dutenen artean, edukiontziak zabaltzeko giltza eta etxerako kubo bat banatuko dituzte. Hondakin horiek jasotzeko, kamioi berri bi erosiko dituzte. Proiektu honen eta hondakinen bilketa zerbitzuan emango dituzten hobekuntzen bidez, biriziklapen tasa %60ra ailegatzea gura dute 2020rako. Aipagarria da lurpeko kontainerrak kendu ahalko dituztela, eta edukiontzientzako zortzi gune gehiago egongo direla herrian. 

Bestalde, kale garbiketari dagokionez zonifikazioan aldaketak eman dituzte. Erdiguneko eremua Ibaizabal eta Madalena inguruetara luzatu dute, adibidez. Gune horretan egunero garbituko dituzte kaleak, arratsaldean errepasoa emanda gainera. Erdigunetik gertu dauden zonaldeetan ere asteko zazpi egunetan irtengo dira garbitzaileak, eta Aramotz eta San Fausto lako kapoaldeko auzoetan asteko bost egunetan.

Oposizioa, abstentziora
Goiztidi Diazek (EAJ) azaldu du lurpeko kontainerrak kentzeko aukera egongo dela, baina hori erabiltzaileekin aztertuko dela. Hain zuzen, Pilar Riosek (PSE-EE) gogoratu du iaz 3.000 inkesta egin zituztela etxeetan, iritzia jakiteko. Fran Garate ados dago kontratuagaz, "behar dena bete" egingo duelako.

EH Bildu eta Herriaren Eskubidea abstenitu egin dira bozketan. Dani Maezturen (EH Bildu) ustez, kontratua langileekin adosteko "aukera on bat galdu" da. Ohartarazi du gune eta zerbitzu eskainiko  direla, baina langile gehiagoren kontrataziorik ez dela aurreikusten. Auzo elkarteei ere ez zaiela galdetu kritikatu du. Jorge Varelaren (Herriaren Eskubidea) iritziz ere, "arazoak" sortu ahalko dira etorkizunean langile berekin lan gehiago aurreikusi delako. "Oraindik eta gehiago aurreikusitako 3.000 etxeak egiten badira azkenean". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!