Erabakiko kideek adierazi dute euren etxeko lanak egin dituztela, baina gobernu taldeak ezetz. Galdeketaren deialdia egiteko dokumentazioa gobernuak ez duela prestatu salatu dute, eta horregatik, "prozesua atzeratzeko asmoa" dagoela uste dute plataformakoek. "Borondate politikoaren kontua da".
Gobernu taldeko ordezkariek esan dute legea aintzat hartuta egin dutela proposamena. Galdeketaren deialdia alkateak egin behar duela, gero osoko bilkuratik pasatu, eta Espainiako Gobernuari baimena eskatu ere bai. "Herritarren nahia errespetatuz, galdeketa atzerapenik barik" egitea gura dutela esan dute Goiztidi Diaz jeltzaleak eta Pilar Rios sozialistak. Behin onartuta, galdeketa hiru hile eta urtebeteko epean egin beharko litzateke.
Dani Maeztuk (EH Bildu) Erabakiren lana eskertu eta zoriondu du. Gobernu taldeari, ostera, kritika. "Legea aitzaki lez erabiltzen zabiltzate, kontsulta ez duzuelako legealdi honetan egin nahi". Legeagaz jarraituta, ETSk biribilgunearen obra legez kanpo garatu duela gogoratu du Maeztuk. "ETSrentzako, zuen legearen enbutuak aho zabala du. Baina herritarrentzako estua".
Julian Riosek (Herriaren Eskubidea) ere Erabaki zoriondu du, bere ustez "trabaz betetako ibilbidea" gainditu izanagatik. Gobernua ez-ohiko batzordea aurreratzearen aurka agertu dela-eta, oroitu du ETSgaz hitzarmen bat abuztuan sinatu zela, ez-ohiko batzorde bat deituta.
Fran Garatek (PP) kontsulta deitzea babestu du, baina plana aldatuz gero ETSri kalteordaina eman beharko zaiola esan du. Oposizioak erantzun dio negoziatu beharko dela, baina ETSk orain arteko epeak ez dituela bete.