Emakume pilotari onenak zuzenean ikusi ahal izango dira Durangon

Markel Onaindia 2018ko abe. 18a, 12:52

Laboral Kutxa ETB Emakume Master Cup pilota jaialdia jokatuko dute domekan, 12:00etan, Durangoko San Fausto auzoko pilotalekuan. Bonbardaketetan kaltetua izan zen Ezkurdiko pilotalekuaren horma ondoan egin dute aurkezpena. 

Emakumeen pilota indarra hartzen dabil astiro-astiro, eta horren erakusgarri izango da domekako jaialdia. Momentu honetan rankingean sei onenak direnak etorriko dira Durangora. Alde batetik 4 t'erdiko banakakoa jokatuko dute, eta bestetik binakakoa frontoi osoan. Pilotazaleek aukera bikaina edukiko dute beraz. Bestalde, etxetik ere ikusi ahalko da, ETBk emango baitu telebistaz. 

Olatz Arrizabalaga gernikarra eta Amaia Aldai dimoztarra egon dira aurkezpenean, domekako protagonistetako bi hain zuzen. Arrizabalaga binakako txapelduna da, eta azpitxapelduna 4 t'erdian. Beste laurak hauek dira: Patri Espinar, Miren Larrarte, Maite Ruiz de Larramendi eta Oihana Orbegozo.

Ikustarazteaz
Aurkezpenean udaleko eta Laboral Kutxako ordezkariek parte hartu dute. Aitziber Irigoras alkateak esan du "ohore bat" dela jaialdia Durangok hartzea. "Oso garrantzitsua da gure ustez emakumeen kirola jendaurrean plazaratzea". Pilar Riosek salatu du emakumeen kirola sarri ez dela ikustarazten. "Errekonozimendua merezi dute, eta hori eduki dezaten borroka egingo dugu". Laboral Kutxako Jose Ramon Tarancok azaldu du "entitatearen balioetan" sartzen dela emakumeen kirola ikusgai egitea. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!