Durangoko atletismo pista berriztuko dute 2019an

Anboto 2018ko abe. 18a, 09:15

Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoak  Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetzan burutuko du Landakoko pista berrizteko proiektua.

Amankomunazgoko ordezkariek ohar batean azaldu dutenez, legegintzaldi osoan zehar "hainbat aldiz" batzartu dira Aldundiko ordezkariekin Landakoko Atletismo Pistako egoeraren berri emateko eta bertako tartana aldatzeko lanak egin ahal izateko laguntza tekniko eta ekonomikoa eskatzeko. Amankomunazgoko ordezkarien ustetan, proiektuaren dimentsioagatik "ezinbestekoa" da erakunde ezberdinen arteko lankidetza inbertsio horri aurre egiteko.

Instituzio arteko lankidetzaren berria "poz handiz" jaso du Durangoko Mankomunitateko Gobernu Taldeak. "Bizkaiko Foru Aldundiak tartanaren aldaketa finantzatzea Durangaldearentzat oso berri ona da". Horrez gainera, pista egoera onean izateak erreferenteak diren lehiaketak erakar ditzakeela uste dute, eta horrek eskualdeari "balio erantsia" ematen diola. Azkenik,  Amankomunazgoko ordezkariek nabarmendu dutenez,  “neurri handi baten Landakoko pista erabiltzen duten eskualdeko atletismo taldeak izan dira berri pozgarri hau posible egin dutenak, etengabe pistaren egoeraz ohartu eta pista aldatzeko lanak egiteko eskatu dutelako".

Bestalde, Bizkaiko Atletismo Federazioari ere "eskerrak" eman dizkiote prozesuan "beti bidelagun" izan delako.

Bizkaian erabilera handiena duen pista
Amankomunazgoak Durangon duen atletismo pista txapelketak egiteko homologatua dago, eta eskualdeko hainbat taldek erabiltzen dute beraien eguneroko jardunean. Gainera, aldian-aldian hainbat lehiaketa antolatu ohi dira bertan; Bizkaia mailan erabilera handiena duen pista da eta autonomi erkidego mailako txapelketak ere egiten dira bertan.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!