“Animazioan lan egin gura nuke, marrazki bizidunen telesailetan”

Anboto 2018ko abe. 16a, 10:30

Los Angelesen (AEB) bizitako esperientzia ez du erraz ahaztuko Uxue Artetxek (Durango, 1998). Game Award bideojokoen Oscarretan parte hartu du ‘Jera’-k, 11 lagunen artean sortutako bideojokoak. Lagunekin eta familiagaz elkartzeko momenturik ezin topatu ibili da azken urtean. Hala ere, egindako ahaleginak izan du bere saria  animazio zuzendariarentzat.

Azkenean, saria lortu barik bueltatu zarete Los Angelesko (AEB) Game Award sarietatik.
Hala da. Dena den, Los Angelesen egotea izan da guretzat saririk onena. Esperientzia oso polita izan da eta jende piloa ezagutu dugu gainera.

Ikasleek egindako bideojokorik onenaren atalerako bost finalisten artean egon da ‘Jera’. Nola hartu zenuten albistea?
Pentsa! Bartzelonako Gamelab 2018 sarietan, unibertsitate mailako bideojokorik onenaren saria lortu genuen, eta pentsatu genuen hor amaitu zela kontua. Baina, gero, munduko bost onenen artean zegoela jakin genuen. Itzela! Bilboko Fun & Serious sarietarako ere hautatu zuten euskal bideojokorik onenaren sarirako. Ez dugu lortu, baina Gris bideojokoaren egileekin elkartzeko aukera izan genuen eta proiektu oso ona egin dugula esan ziguten. Horixe da saririk onena! Sinistu ezinik egon gara, dena ilusio handiagaz bizi izan dugu.

Zer du berezi 'Jera'-k?
Gaur egun dena da 3D-n,eta guk 2D-ko irudiekin sortu dugu Jera;  20 urte atzera egin dugu, dena 2D-an zen garaietara. Gainera, pisuzko istorio bat ere sartu dugu.

Zein da istorio hori?
Aurpegia ezkutatuta duten garai batera garamatza, milaka urte atzera. Emakume traza duten genero bako pertsonak bizi diren toki horretara munstro ikaragarri bat helduko da denak hiltzeko. Hala ere, hiru heroik munstroari aurre egitea lortuko dute. Baina, mila urte igarota, berriro bueltatuko dela diote. Horren aurrean, jokalariak munstroa behin betiko hiltzea lortu behar du, hiru elementu lortu ostean. Bide horretan, hainbat laguntzaile eta traba topatuko ditu. Azkenean, sekretu handi bat ezagutuko du. Hori da istorioa, baina konplot txiki piloa dago. Ez dugu dena kontatuko.

11 lagunen artean sortu duzue bideojokoa. Bost programatzailek eta sei artistak. Zaila izan da elkarlana?
Oso desberdinak diren ikuspuntu bi bateratu behar izan ditugu, eta ados jarri. Bakoitzak gauza bati ematen dio garrantzia. Baina ondo aritu gara.

Gauza asko hartu behar dira kontuan? Musika, irudia, mugimendua...
Bai. Nolako giroa sortu gura dugun erabakita, musikari batek sortu du musika. Berdin istorioari dagokionez: brainstorming edo ideia-jasa egin ostean, istorio osoa egituratzeko, garatzeko, ardura hartu dute bi pertsonek.

Nolako pisua du arlo artistikoak?
Begietatik lehenengo sartzen dena da arlo artistikoa. Bada, uste duguna baino pisu handiagoa du.

Bideojoko zalea zara?
Bai. Baina ez naiz asko jolasten. Urtero-urtero joko berriak irteten dira eta oso zaila da azken modan egotea. Dirua ere behar da.

Ikusten zenuen zure burua bideojokoak sortzen?
Albaitaritza ikastea nuen buruan, baina Bilboko Digipen institutuan hasi nintzen. Programazioaz gainera arlo artistikoa landu zitekeela jakitean probatzea erabaki nuen. Animazioan lan egin gura nuke, baina 2D-tako irudiekin: marrazki bizidunen telesailetan, Disneyko pelikulen modukoetan, komikigintzan… eskulana gustatzen zait.

Marrazkilaria zara. Aspalditik marrazten duzu?
Txikitatik. Baina ikasketak zirela-eta baztertuta izan nuen, Digipenen hasi arte. Manga estiloagaz hasi nintzen arren, orain Cartoon-era bideratu ditut indarrak. Manga baino konplexuagoa da eta asko gustatzen zait; ez da horren mugatua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!