Gaur zabalduko dute ur-parkea Landakoko igerilekuetan

Anboto 2018ko abe. 15a, 09:00

Umeentzako puzgarriak eta jolasetarako materiala egongo dira hilean bi zapatutan Landakoko igerilekuetan. Maiatzera bitartean jarriko dute ur-parkea, 16:30etik 20:00etara. Lau eta 11 urte arteko umeentzat izango da. 

Familiek uretako pista txiki batez eta oztopo-pista batez gozatu ahalko dute 25 metroko luzera duen igerilekuan. Denbora-tarte horretatik kanpo, jolaserako beste elementu batzuk izango dituzte beste igerileku baten: txurroak, pilotak, jostailuak... Hala ere, sarrera mugatu egongo da: 25-30 minuturo 20 pertsonari utziko zaie sartzen. Egunean gehienez 100 adingabe ibiliko dira ur-parkean.

Haurrek igeri egiten jakin behar dute ur-parkea erabiltzeko. Durango Kiroleko presidente Pilar Riosek azaldu duenez, "ahalik eta segurtasun handiena bermatu nahi dugu, eta, horregatik, adintxikikoak helduekin sartu beharko dira; umeak uneoro heldu batekin joan beharko dira". Gogoratu duenez,  "umeen aisialdirako eskaintza handitzeko eta igerilekuak familiek olgeta-gune bihurtzeko"  jarri zuten ur-parkea joan zen ikasturtean. Izandako harrera ona ikusita berriro ipintzea erabaki dute.

Maiatzera bitartean

Datozen egun hauetan jarriko dute berriro ur-parkea: abenduaren 29an, urtarrilaren 5ean eta 26an, otsailaren 9an eta 23an, martxoaren 9an eta 23an, apirilaren 6an eta 20an, eta, maiatzaren 4an eta 18an.

Ur-parkea erabiltzeko erreserba internet bidez egin ahalko da, puzgarrien egunaren bezperara arte. Horretarako, www.durangokirolak.net webgunean erregistratu behar da. Horretarako Durango Kirolaken datu basean fitxa izan behar da, eta adin txikikoaren izenean egingo dira beti erreserbak. Puzgarriak jartzen diren egunetan ere egin ahalko da erreserba, kiroldegiko harreran, lekua badago.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!