“Muay thai-ak konfiantza eta bizitzari aurre egiteko jarrera bat eman dizkit”

Anboto 2018ko abe. 16a, 11:00

Asteko kirolaria ez ezik, urteko kirolaria izateko merituak egin ditu aurten Joel Gonzalez gazteak (Durango, 2000). Kickboxing-ean Euskadiko txapelduna da bere adinean eta pisuan (55 kilo) eta Muay Thai-an Espainiako txapelketa ere irabazi du. Hala ere, irabazitako gerrikoekin baino gehiago, muay thai-ak bizitzari aurre egiteko eman dizkion balioei garrantzi handiagoa ematen die.

2018. urtea ez duzu berehalakoan ahaztuko.
Ez horixe. Otsailean Euskadiko kickboxing txapelketa irabazi nuen, Bilboko Miribillan. Entrenatuta nindoan, baina sekula ez da jakiten. Euskadiko txapelketa bat irabazten nuen lehenengo aldia izan zen. Horren ostean, Euskadiko muay thai txapelketan azpitxapeldun geratu nintzen. Muay thai-an Espainiako txapelketara ere joan nintzen eta irabazi egin nuen. Egia esanda, ezin dut gehiago eskatu.

Denboraldia amaitu duzu?
Bai. Orain aste bi Nafarroako Arroniz herrian egindako muay thai borrokaldi bat irabazi nuen eta orain atseden hartzeko unea da. Datorren urtean nagusien mailan arituko naiz. Zailagoa izango da, dudarik barik. Badakit salto bat egongo dena eta kostatuko zaidana, denei gertatzen zaien moduan. Baina erronka moduan hartuko dut.

Noiztik praktikatzen duzu muay thai-a?
13 urte nituenean hasi nintzen. Lau-bost urte daramatzat eta oso gustura nabil.

Zertan bereizten da beste arte martzial batzuetatik?
Kontaktuzko kirola da. Jendeak ulertu dezan, kickboxing-agaz antzekotasunak dituela esango nuke.

Kirol horretatik, zerk erakartzen zaitu?
Muay thai-ak gauza asko eman dizkit; batez ere, konfiantza handia neure buruarengan eta bizitzari aurre egiteko jarrera eta indarra. Mundu honetan ezagutu ditudan pertsonak ere asko estimatzen ditut.

Beraz, kirol bat baino gehiago da zuretzat.
Bai. Nire izaera lantzen eta bideratzen lagundu dit. Errespetua eta diziplina lako balioak garatzeko eta nire bizitzan txertatzeko balio izan dit. Muay thai-a borrokan oinarritzen dela uste duena oker dabil. Hori baino askoz ere gehiago da. Borrokan ez egiteko ikasten da borrokan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!